Arte eszenikoek Bilboko kaleetara urtengo dabe garagarrilaren 2tik 7ra
2018-06-20 12:10 KultureaBertoko eta kanpoko 26 konpainiak parte hartuko dabe XIX. Kalealdian.
Nazinoartean erreferente bihurtuta, urterik urte eskaintza zabala eta kalidadezkoa eskaintzen dauen jaialdia da Kalealdia, Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotziaren arabera. Aurtengo edizinoa garagarrilaren 2tik 7ra egingo dabe eta, aurreko urteetan legez, Kasilda Iturrizar parkean izango dau erdigunea. Han, karpa bi ipiniko ditue. Horrezaz gan, uriko beste leku ugaritan be emonaldiak egongo dira, besteak beste, Arriagan eta Plaza Barrian. Euskal Museoa da nobedadea, inaugurau barri daben estalkiari esker Kalealdia hara be helduko da eta.
Programazinoko 26 konpainien artean, edizino honetan klown erakoak nabarmendu ditu Pedro Ormazabal Kalealdiko zuzendari eta programatzaileak. Ganera, aukeratzen hasita, zazpi konpainia azpimarratu ditu: Ertza (Max saria irabazi barri), Créature Cie, Maduixa, The Primitives, Le Chapito de Nouvelle-Calédonie, Têtes de Mules eta Pudding Théâtre. Belgikatik, Erresuma Batutik eta Frantziatik etorriko dira konpainia batzuk, baita Kaledonia Barritik be.
Euskal Herriak be ordezkaritza zabala izango dau XIX. Kalealdian. Karrikan plataformearen eta Bilboko Udalaren arteko lankidetzeari esker, Amaia Elizaranen Block eta Mystériouses Coiffures taldearen Xori-gizonaren elezaharra ikuskizunak egongo dira Kalealdian. Gorago aitatutako Ertza konpainiak Meeting Point aurkeztuko dau eta Zo-Zongó!!-k Psycho-Clown. Hika Teatroak eta Oinkari jantza taldeak alkarregaz antzeztuko dabe Sagartu.
Bestetik, Pirinioen inguruko eskualdeen arteko lankidetzatik sortutako De Mar a Mar programearen babespean landutako ikuskizunek be tartea izango dabe Kalealdian, Bilbo be egitasmo horretako partaide dan ezkero. Aurtengo edizinoan, Amer i Africa konpainia katalanaren Envà ikusi ahal izango da, 2018ko Leioako Umore Azokan ikuskizun onenaren saria irabazi barri dauen zirku garaikideko piezea.
Kalealdian, emonaldiak dobakoak dira, parkeko karpen barrukoak izan ezik. Kasu horretan, aretoaren edukierea kontroletako prezio sinboliko bat pagau beharko da, eta batutako dirua helburu solidarioetara bideratuko dabe. Euskal Museoko ikuskizunetan be edukierea kontrolau behar dabe eta, hortaz, gonbidapena hartu behar da, baina kasu horretan doban. Arenalean Kalealdiaren informazino-gunea ipiniko dabe eta han eskuratu ahal izango dira sarrerak eta gonbidapenak.
Egitaraua, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!