Getxoko IV. Euskara Planari ekarpenak egiteko epea zabalik

Bizkaie! 2018-06-18 13:34   Euskerea berbagai

2013-2017ko III. Plana % 80 bete zan, aurreikusitako 285 ekintzetatik 227 bete baitziran.

Getxoko Udalak 2018-2022rako IV. ESEP, Euskerea Sustatzeko Ekintza Planaren proposamenerako ekarpenak, aldaketak, barrikuntzak edo iradokizunak egiteko aukerea abian jarri dau garagarrilaren 8ra arte. Horreek kontuan hartu ondoren, egungo legegintzaldiaren helburu estrategikoetako bat dan Plana behin betiko onartzeko prozesuan sartuko da. Euskera Planaren helburuak dira euskerearen jaubekuntzea, erabilerea eta elikadurea, eta horretarako hizkuntza aberastasuna handitzeko behar diran izapideak eta eguneroko esparru guztiak ikututen ditu, hau da irakaskuntzea, administrazinoa, lan-mundua, hedabideak, kirola eta aisia, kulturea, publizidadea..., azaldu du Koldo Iturbek, Euskera zinegotziak.

Hamaika atal edo sailetan banatuta agertzen dira helburuak eta eurak garatzeko neurriak; helburuak, eta neurriak aldatzeko, hobetzeko edo barriak txertatzeko proposamenak egin nahi dituen herritarrek ondoko helbidean ditue argibideak.


Getxotarren %33 elebiduna

EUSTAT, Estatistika Euskal Erakundeak argitaratu barri dituan 2016ko errolda datuen arabera, getxotarren % 33 elebiduna da (hizkuntza ofizial biak berba egiteko kapaz da), 2006an baino % 4 gehiago. Bestalde, % 23 elebidun hartzaile da (euskeraz ulertu bai, baina erabilteko kapaz ez) eta % 43 elebakarrak. Datuok erakusten dabe datorren zemendian izango dan Euskaraldiak, herritarren hizkuntza ohituretan eragin nahi dauen ariketeak Getxon badauela gitxieneko sozial egokia erantzun ona izateko, izan be, getxotarren % 56k euskerea jakin, berba egin edo ulertzen dabe, nabarmendu du Koldo Iturbek.

Euskerearen ezagutzan izandako hazkundea edade tarte guztietan ikusi da, baina esanguratsuak dira ume eta gazteen datuak, gero eta kopuru handiago dalako euskeraz berba egin eta ulertzeko kapaz, argi itxita hezkuntza sistemearen garrantzia euskerearen transmisinoan, hezkuntza ez-unibersitarioan dabizen gazte gehienak eredu euskaldunetan ikasten dagozalako. Udaleko Hezkuntza arloaren datuen arabera, Ume, Lehen eta Bigarren Hezkuntzetako ikasleen % 80 inguru B (elebiduna) eta D (euskera hutsezko) ereduetan ikasten dabiz. Batxilergoan, barriz, ikasleen % 50 dabil eredu euskaldunetan eta Formakuntza zikloetan % 27.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu