Hamarkada baten 337 entidadek eskuratu dabe Bikain ziurtagiria

Bizkaie! 2018-06-18 13:50   Euskerea berbagai

Ziurtagiriaren urteurrenean, lan mundua euskalduntzeko ahalegina txalotu dau Bingen Zupiria sailburuak.

Donostiako Aquarium-ean egindako aurkezpena (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bikain Euskerearen Kalidadearen Ziurtagiriaren 10. urteurrenean, orain arte egindako ibilbidea gogoratu dau Eusko Jaurlaritzeak, eta aurrera begirako erronkak zehaztu. Donostiako Aquarium-ean egindako ekitaldian, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburordea eta Josune Zabala Hizkuntza-ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria egon dira; baita euskerea lan arloan txertatzeko ahalegina egin daben entidade batzuetako ordezkariak be: Esther Irigaray Aquarium-eko zuzendari nagusia; Lore Erriondo, EHU-ko irakaslea; eta Miren Berasategi, EIKA enpresako kalidade zuzendaria.

Zupiriak emondako datuen arabera, hamar urteotan 37 erakunde, enpresa eta alkartek egin dabe bat Bikain ziurtagiriagaz. Danetara, 67.000 behargin dabiz horreetan. Jaurlaritzeak berak mila entidade ingurugaz izan ditu hartu-emonak, ziurtagiriagaz bat egin deien. Alor sozioekonomikoan euskerearen presentzia, erabilerea eta hizkuntza-kudeaketearen normalizazinoa egiaztatzeko tresna eraginkorra izan dala dino sailburuak. Igaz, ganera, ziurtagiria lortzeko exijentzia mailea igon eben, erakunde publiko eta pribaduek daben konpromisoa gehiago nabarmentzeko.

Bikain Ziurtagiria eskuratu daben erakundeek euskerea bikaintasunagaz lotu dabe, euskal komunidadea sendotuz eta etenbako hobekuntzeari bide emonez, adierazo dau Zupiriak. Sektore gehiagotara zabaldu nahi dogu Bikainen aldeko apustua, esaterako, turismoarena, merkataritzearena eta teknologia barriena. Ebaluatzaileen lana be gogoan hartu dau sailburuak. Gaur egun, 666 lagun dabiz kanpo-ebaluazinoak egiten.

Azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, herritarren % 25,3k erabilten dabe euskerea era trinkoan (gaztelania beste edo gehiago) lankideakaz. Datu positiboa da, baina uste dogu hobetu leitekela konpromisoak eta ahaleginak bateratzen segitzen badogu. Azterlanetan ikusten da erabilerea nabarmenagoa dala esparru publikoan; esate baterako, langile publikoen % 28k batez be euskeraz berba egiten deutse lankideei, eta beste % 14k hizkuntza biak antzeko proportzinoan. Azken urteotako esperientziak eta Bikain ziurtagirien proiektuak erakutsi deuskue enpresa pribaduek euskerearen alde apustu egiteak sekulako ahalmena dauela erabilerea lan-munduan indartzeko, adierazo dau Zupiriak.

Eusko Jaurlaritzeak 2008an sortutako ziurtagiri ofiziala da Bikain, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kudeatua, eta eginkizun horretan hasieratik izan dau Artezkaritza Kontseiluko erakunde honeen babesa: Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru aldundiak, EUDEL, Confebask, ADEGI, CEBEK, SEA eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazinoa.

Publikoa eta dobakoa da Bikain. Ziurtagiria lortu nahi daben erakunde publiko zein pribaduek ebaluazinoa gainditu behar dabe eta emoitzearen arabera hiru mailetako bat jaso leikie: oinarrizkoa (Baltza) gitxienez 200 puntu lortu dituenek; tartekoa (Zidarrezkoa), gitxienez 500 puntu lortu dituenek; eta goi mailea (Urrezkoa), gitxienez 800 puntu lortzen dituen erakundeek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu