'Irrikitan gagoz mugak gainditzeko, bidea egiteko eta ikasten jarraitzeko'
2018-06-18 08:45 Euskerea berbagaiMilaka euskaltzale hurreratu dira Argantzunera, Araba Euskeraz jai handia ospatzera eta Argantzon ikastoleari babesa emoten.
Argantzun Ikastolako arduradunek dinoenez, Bazen behin, Euskal Herriko bihotzean, ume bakotxa dan moduan errespetetan zan leku bat. Leku haretan, orduek ez eben egunaren erritmoa marketan, malguak eta moldagarriak ziran. Leku haretan, umeak olgetan ibilten ziran, irudimena erabilten eben, eta euren esperientziaren bitartez, mundua deskubriduten eben.
Ikastolea Trebiñon kokatuta dagoan ikastola txiki bat da. Trebiñu, nahiz eta Arabako bihotzean egon, oraindino Arabako mugetatik kanpo dago Burgoseko administrazinopeko lurraldean, hain zuzen be.
Hamabost urte luze daroaguz egonkortasuna lortu guran. Horregaitik egun honetan jaia eta aldarrikapena batzen dira eta gure ikastoleak bizi dauen egoera bitxia nabarmendu nahi dogu.
Trebiñu oraindino ez da Araba eta Argantzun Ikastolea ez da ohiko Ikastolea Trebiñuarren borondateagaz, Euskal Herriko Ikastolen alkartasunagaz, erakundeen laguntzinoagaz eta lan handiagaz, auzolanean, aurrera ateratako proiektua da, herrigintzearen adibide zoragarri bat, Koldo Tellitu Ikastolen Alkarteklo buruaren eretxiz.
Trebiñun Ikastola egoteak euskerea ikusgarri egiten dau. Trebiñun Ikastolea egoteak Euskerearen Herrian kokatzen gaitu. Trebiñuren egoerea konpondu bitartean, praktikan, nortasuna ukatua dauen Araba zatia gogoan hartu behar dogu. Euskereak eta Ikastoleak eskertuko deusku.
Araba Euskaraz 2018
Dozenaka autobusek aparkau dabe Argantzunen eta barrikuntza legez tren berezi bi jarri ditue Gasteiztik hurreratzeko. Kotxez be jente ugari mobidu da, baina ez da bape eragozpenik sortu errepideetan.
Goizeko hamarretan emon jako hasierea aurtengo Araba Euskaraz jaiari. Bertan azpimarratu dabe ikastola honek dauen balio erantsia, Trebiñun dagoan euskerearen birika bakarrenetakoa baita. Hamabost urte dira ibilbidea hasi zuela, eta arrastoa dago ixten.
Burgosen administrazinoaren menpeko lurralde honetan euskeraz ikasi ahal izateko aukerea eskaintzen dau Argantzun ikastolak. Ikastola txikia da: 42 ikasle ditu, Ume Hezkuntza etapakoak. Baina hazteko bidean da, izan be, datorren ikasturtetik aurrera, Lehen Hezkuntza be emoten hasiko baita. Horixe da aurtengo Araba Euskarazen helburu nagusia: Argantzun ikastolearen hazkundeari laguntzea, Trebiñun hezkuntza euskalduna indartzea, ikastolearen bitartez.
Ikastolea sortzeko lanetan hasi ginanetik Argantzon Ikastolaren ibilbidea deskribidu beharko bageunke, lau berban laburbatuko geunke: ez da erraza izan. Trebiñun Ikastolea sortu zanean, argi egoan beste Ikastola askok ez dituen berezitasunak izango genduzala, beste inork ez dituan traba zehatzak izango genduzala, eta urteek hola izan dala erakutsi deuskue, adierazo dau ikastolako gurasoen ordezkari Ziortza Bocanegrak; Arazo ekonomikoak, traba burokratikoak, lege-kontuak, gora adi egoteko tarterik ez dogu oraindino izan gure ibilbidean, ganeratu dau.
Arabako bihotzean egon arren, maila administratiboan Trebiñu ez dala Araba salatu dau Bocanegrak. Horrek, batetik, Burgosko agintariek ikasolarakao laguntzak ukatzea ekarri dau, eta Eusko Jaurlaritzeak eta Arabako Foru Aldundiak zuzenean laguntzeko eragozpenak ekarri ditu, horren aurrean, Armentia eta Bastida ikastolek eta Ikastolen Alkartearen Alkartasun Kutxeak emondako laguntzinoa ezinbestekoa izan dau Argantzun ikastoleak.
Amaitzeko, ikastolako gurasoen ordezkariak adierazo dau: Trebiñun Ikastolea egoteak euskerea ikusgarri egiten dau. Trebiñun Ikastolea egoteak Euskerearen Herrian kokatzen gaitu. Bihar, etzi eta etorkizunean be, bakotxa dagoan lekutik, Trebiñugaz gogoratzea nahi geunke. Eta konpondu bitartean, praktikan, nortasuna ukatua dauen Araba zatia gogoan hartzea.
Araba Euskaraz Kultur Elkarteko lehendakari Xabier Arrietak be esker berbak izan ditu hamabost urteotan Argantzun ikastoleari lagundu deutsien guztientzat, eta traba guztien gainetik hamabost urteotan Trebiñun Argantzon ikastoleak euskereari emon deutson arnasa goraipatu dau; Euskerea Trebiñun zabaldu bada, neurri handi batean ikastoleak egindako lanari esker izan da; ikastolearen inguruan euskal giroa sortzea lortu dogu.
Hirugarren aldia da hemen, Argantzunen, Araba Euskaraz ospatzen dogula. 2001ean ikastola sortzeko asmoa geunkan, eta 2003an sortu genduan. 2007ko Araba Euskarazek Argantzungo ikastola proiektua sendotzeko balio izan euskun eta 2018an beste urrats bat egin dogu, aurtengo Araba Euskaraz mugarri izango da Argantzon Ikastolarako, hurrengo urtetik aurrera Lehen Hezkuntzea eskainiko dogu herri auzoa dan Sagastietan, ganeratu dau Arrietak.
Araba Euskeraz 2019
Argantzun ikastoleak Gasteizko Armentiari pasau deutso lekukoa. Arabako uriburura bueltauko da Arabako ikastolen jai handia datorren urtean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!