Hizkuntza politika gaietan lankidetzan jarduteko konpromisoa berretsi dabe
2018-06-15 13:38 Euskerea berbagaiEusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoak egin dabe bat.
Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoak gaur berretsi dabe hizkuntza politika gaietan lankidetzan jarduteko konpromisoa. Igazko garagarrilean sinatu eben hitzarmenaren urteurrena betetzear dagoala, hiru erakundeek urte osoan zehar alkarlanean sustatutako proiektuen barri emon dabe Donostian. Adierazo dabenez, 20 proiektu eta lan arlo inguru jorratu ditue urte osoan zehar, eta bide emonkor horri eusteko borondate argia azpimarratu dabe. Horretarako, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrakazko eta Administrazinaoakazko Harremanetako kontseilariak eta Beñat Arrabit Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoko (EEP) presidenteak igazko konpromisoari jarraipena emoten deutson aurtengo eranskina sinatu dabe gaur, Hiruko Itun honek hizkuntza politika eraginkor bat bideratzen laguntzen jarraitu daian.
Hezkuntza eta helduen euskalduntzea; Euskerearen sustapena aisialdian, ingurune digitalean eta arlo sozioekonomikoan; euskerearen aldeko sentsibilizazinoa eta gogoeta guneak; ikerketa soziolinguistikoa eta hizkuntzearen corpusa; eta lankidetza Europako markoan izan dira jorratutako arloak. Zupiria sailburuak alkarlanaren eraginkortasuna nabarmendu dau: Igaz azpimarratu genduan lez, alkarlan hau erabat naturala da. Euskerearen lurralde osoan hizkuntza politikea kudeatzeko ardurea dogu Hiruko Itunera batutako hiru erakundeok, ardurabakokeria litzateke bizkarra emonda lan egitea. Hitzarmena sinatu eta urtebetera lankidetza hau oso eraginkorra dala esan geinke, proiektu zehatzak sustatu dira eta informazinoa trukatu, beti be herritarren eta euskerearen mesedetan. Aurretik alkarlan zehatzak egon badira ere, lehen aldiz era sistematikoan gabiz lanean alkarregaz eta babes ofizialagaz.
Ana Ollo kontseilariak, bestetik, hiru erakundeen alkarlana eraginkorra izan daiten egindako ahalegina azpimarratu dau: Urtebete daroagu lankidetzan eta denpra honetan guztian zehar, kapaz izan gara interesak alkarri ezagutarazoteko, lanean alkarregaz ibilteko eta ezagutzea, jakituria eta esperientziak alkarregaz konpartiduteko. Euskerea balore legez ikusteko kapaz izan gara, hiru lurraldeak aberasten dituan zeozer legetxe.
Beñat Arrabit EEPko presidenteak ondokoa azaldu dau posible dala alkarlana: Erakutsi dogu posible dala alkarregaz lan egitea, Inkesta Soziolinguistikoa, EAS edo Eskola Futura proiektuak martxan jarteko. Eta erakutsi dogu kapaz garela indarrak batzeko Europatik finantzabideak lortzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!