Bilboko Euskerearen Aholku Batzordea, Euskaraldiagaz bat
2018-06-15 08:38 Euskerea berbagaiUrian Euskerea Normalizetako V. Plana be aurkeztu dabe.
Juan Mari Aburto alkatea buru, Bilboko Udalaren Euskerearen Aholku Batzordeak batzarra egin dau eta bat egin dau Euskaraldiagaz. Zemendiaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo dan esperientzia horri babesa agertzeaz gan, bertan parte hartuko dauela aurreratu dau Batzordeak.
Euskerearen Aholku Batzordea 2016tik dago martxan Bilbon. Konsultarako eta informazinoa emoteko organoa da, hizkuntza-politikeari jagokonez, urian euskerearen normalizazinoa helburu. Bilboko alkatea da buru eta Euskera zinegotzia buruorde, baina beste eragile batzuek be ordezkariak ditue. Gitxienez urtean bi aldiz batzen dira eta dagoeneko hiru batzordetan banatu dabe lana: Euskaltegiena, Hedabideena eta Euskerearen inguruko erakundeena.
Euskerea Normalizetako V. Plana
Ganera, udaletxean egindako Osoko Bilkuran, Euskerea Normalizetako V. Plana aurkeztu dabe, 2018-2020 epeari jagokona hain zuzen. Udalaren arabera, plan hau jarduera publikoan euskera gehiago erabilteko, euskerea funtzionarioen artean bultzatzeko eta zerbitzu elebiduna eskaintzeko helburuz jaio da. Gaur egun, udal langileen erdiek euskeraz ondo dakie, baina erderaz egiteko jokerea dabe. Hortaz, plan honen bidez, beharginen inplikazinoa eta konpromisoa lortu nahi ditue.
Era berean, Eusko Ikaskuntzak, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailaren laguntzinoagaz, uriko gazteen euskerearen erabilereari eta esperientziari buruz egindako azterlanaren emoitzak azaldu ditue. Esan leiteke gazte guztiek dakiela euskeraz, hizkuntza horretan ikasi dabela eta lotura afektiboa dabela euskereagaz, baina gaztelania erabilten dabela aisialdian. Euskerea hezkuntza-sistemeagaz eta eskoleagaz lotzen dabe. Bestalde, gazte euskaltzaleak maila politikoan markauta dagozala uste dabe inkestan parte hartu daben askok. Erakundeek konpromiso handia dabela euskereagaz, baina egunean-eguneko inplikazinoa falta dala dinoe.
Horrezaz gan, Osoko Bilkuran jorratu da herritarrek lehenengo berbea euskeraz esan deien abian jarritako ekimena. Hirian ere…lehenengo berba euskaraz izeneko kanpainea San Tomasetan eta Bilbao-Bilbao bizikleta-martxan plazaratu eben.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!