Ainhoa Artetak zarratuko dau Arriaga Antzokiaren denporaldia
2018-06-14 12:21 MusikeaHilaren 21ean eta 23an, Leonard Bernstein omenduko dau soprano tolosarrak I hate music emonaldi berezian.
Bilboko Arriaga Antzokiak urrezko amaierea emongo deutso 2017-18 denporaldiari, Ainhoa Arteta protagonista dauen goi mailako ikuskizun bategaz. Antzokiak berak produzidutako I hate music bagilaren 21ean, eguena, eta 23an, zapatua, estreinauko dabe. Leonard Bernstein musikari eta sortzaile parebakoari omenadia egingo deutsie, abuztuaren 25ean haren jaiotzatik ehun urte beteko diralako.
Karl-Heinz Steffens zuzendari artistikoaren gidaritzapean, Ainhoa Arteta sopranoa izango da ikuskizuneko izarra, baina artista moltso nabarmena izango dau inguruan. Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koralak Bernsteinen musikea interpretetako erronkeari helduko deutsie. Michal Friedlander pianista israeldarrak bakarkako pasarte batzuk joko ditu eta Ruben Fernandez-Aguirreren esku egongo da beste piano bat.
Ikuskizun honen alderdi teknikoa be azpimarratu dabe Arriaga Antzokiko arduradunek: Sergio Verdek sortutako ikus-entzunezkoak eta Michael Bauerren argien diseinua, besteak beste. Ganera, Barbora Horáková Jolyketa Eva Maria Van Ackerrek I hate music ikuskizunean egin daben koordinazino lana be aitatzekoa da.
Musika emonaldiaren ardatza Leonard Bernsteinen musikea izango da, haren mundu musikalera hurreratzeko leiho txikia izango da. Kontzertuak bere jatorri judua eta New Yorkeko uriagaz izan zituan hartu-emonak izango ditu kontuan. Bertan bizi izan zan Bernstein luzaroan, eta bere musikan etenbako inspirazino iturri izan zan.
I hate music Arriagaren 2017-18 denporaldiko azken ikuskizuna izango da. Hurrengoa be prest dauka Calixto Bieito antzokiko zuzendari artistikoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!