Eredu europarra euskal oinarriaren ganean, Arriagaren denporaldi barrian
2018-06-06 13:54 Kulturea81 produkzino, tartean Macbeth antzezlan izarra, aurreikusi ditue abuztutik aurrera.
Aurtengo denporaldiaren hondarrean gagozala, dagoeneko hurrengo sasoiaren barri emon dau Bilboko Arriaga Antzokiak. Askotariko programazinoa da 2018-19koa, genero ugariduna eta publiko guztientzat egokia. Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotziaren ustez, antzoki publiko baten egitaraua anitza, kalidadezkoa eta barritzailea izan behar da, beti bilatu behar dau ikusleak harritzea. Abangoardiako lanen alde egiten dogu, baina bertoko artistak ahaztu barik, zehaztu dau Alonsok.
Calixto Bieito Arriagako zuzendari artistikoaren ardurea izan da 2018-19 denporaldia, baina hori talde-lanean egin dauela aitatu dau. Oinarri bi izan ditu gogoan: Batetik, Europa erdialdeko eta iparraldeko antzoki handien eredua hartzea; bestetik, euskal kultureari eta euskereari garrantzia autortzea. Abuztuan hasita, 81 produkzino egongo dira aukeran.
Arriaga Antzokiaren beraren produkzinoek leku handia beteko dabe programazino barrian, aurreko denporaldietan jazo dan legez. Obra nabarmenena, Macbeth izenekoa, Alex Gerediaga zuzendari gaztearen esku itxi dabe, eta 2019ko zezeilaren 7tik 17ra egongo da Arriagan, euskerazko eta gaztelaniazko bersinoetan. William Shakespeare idazle ingelesaren tragedia ospetsuaren egokitzapena izango da. Bieitok azaldu dauenez, ingelesetik euskerarako itzulpen barria egin dabe antzezlan honetan erabilteko.
Aktoreen artean, Mikel Losada, Iosu Florentino, Arrate Etxeberria eta abar dagoz Macbeth-en, baita Miren Gaztañaga be. Azken horrek Garai zekenak obran be parte hartuko dau, Raúl Canceloren zuzendaritzapean. Dido & Aeneas ekoizpenean, ostera, atzerriko aktoreen eta euskal abeslarien lanak buztartuko ditue, Barbora Horáková Joly zuzendari dala. Euskerea eta ingelesa erabiliko ditue hor.
Mendi-mendiyan, bestetik, Jose Maria Usandizagaren lan lirikoa da eta 1911n eskaini zan lehenengoz Arriagan. Denporaldi barrian barriro eroango dabe antzoki horretara, Calixto Bieito bera zuzendari dala. Mende hasierako euskal konpositoreen lanetatik ibilbidea hastea da asmoa, azaldu dau. Bertoko musikeari egindako keinua Luis de Pabloren La caída de Bilbao piezearen estreinaldiak biribilduko dau, uria faxisten esku jausi zaneko 80. urteurrenaren harira sortua.
Urtarrilaren 27an, Juan Crisóstomo Arriaga konpositore bilbotarra eta antzokiari izena emoten deutsana jaio zaneko urteurrenean, ekitaldi berezia egongo da. Arriaga eta Wolfgang Amadeus Mozart austriarra (hori be urtarrilaren 27an jaioa) alkarregaz berbetan ipiniko ditue, Arriagaren eta Mozarten arteko elkarrizketa kamera-errezitaldian.
2018-19 denporaldian Arriagan egongo diran ikuskizunen zerrendea ez da hor amaitzen. Ez dira ahaztu behar, batetik, Eusko Ikaskuntzaren mendeurrenaren harira sortutako Hamaika amaren seme (alaba) antzezlana eta, bestetik, Euskaltzaindiagaz alkarlanean egindako Ghero. Azken horren zuzendaria Patxo Telleria da.
Ganera, Espainiako antzezlerik onenak pasauko dira Arriagako oholtzatik: Concha Velasco, Antonio Resines, Juan Echanove eta abar. Horrezaz gan, jantzeak be leku nabarmena izango dau programazino barrian. Munduko jantzak, Kukairen Erritu, Mikel del Valleren Agate Deuna eta Beti Jai Alai taldearen 50. urteurrena, besteak beste.
Arriaga antzokiko arduradunek ohartarazo dabenez, aldaketa batzuk egin ditue, zaleek kontuan hartu beharrekoak. Nabarmenena, ordutegiarena. Ordu erdi lehenago hasiko dira ikuskizun guztiak, hau da, astelehenetik zapatura 19:30ean eta domeketan 19:00etan.
Bestetik, gazteak erakartea izango da Arriagaren helburu nagusietako bat. Horretarako, Adiskide gaztea izeneko bonoa plazaratuko dabe, 30 urtetik beherakoentzat. Bono hori daukienek merkeago erosi ahal izango ditue sarrerak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!