Azkue Bibliotekea ezagutzeko erakusketa birtuala martxan

Bizkaie! 2018-06-14 08:48   Euskerea berbagai

Sei libururen inguruko datuak eta bitxikeriak sarearen bidez zabaldu ditu Euskaltzaindiak.

Leizarragaren Testamentu Barriaren zati bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriko gaiak, batez be euskereari lotuak, batzen dituan liburutegi eta artxibo zabala da Azkue Bibliotekea. Bilbon dago, Euskaltzaindiaren egoitzan, baina jente askok ez dauenez ezagutzen, hango ondare guztia gizarteratzeko ekimen barria ipini dau Akademiak martxan: Erakusketa birtuala. Internet bidez, Azkue Bibliotekako edukien alderdi deigarrienak agertuko ditue.

Momentuz, Bibliotekako katalogoaren parte diran sei liburu historikoren inguruko datuak, ezaugarriak eta bitxikeriak ipini ditue erabiltzaileen eskura. Honeek dira: Joanes Leizarragaren Iesus Christ gure Iaunaren Testamentu Berria (Arroxela, 1571); Silvain Pouvreau-ren (Combattimento spirituale) Gudu espirituala/ Siluain Pouureau apezac escaraz emana (Paris, 1665); Manuel Larramendiren De la antiguedad, y universalidad del bascuenze en España: de sus perfecciones, y ventajas sobre otras muchas lenguas (Salamanca, 1728) eta El impossible vencido: arte de la lengua bascongada (Salamanca, 1729); Humboldten eta Unamunoren (Reiseskizzen aus Biscaya) Bocetos de un viaje a través del País Vasco (Euskal-Erria: revista bascongada, 1889); Joakin Lizarragaren Urteco igande guztietaraco platicac edo itzaldiac (Donostia, 1846); eta Frai Bartolome de Santa Teresaren Euscal-errijetaco olgueeta, ta dantzeen neurrizco-gatz-ozpinduba (Iruñea, 1816).

Ikusi erakusketa birtuala hemen.

Aurrerago beste liburu batzuk be erakusketa birtualean sartzeko asmoa dauela dino Euskaltzaindiak. Akademiaren ondarea agertu eta ezagutarazotea da erakusketa honen helburua, Azkue Bibliotekan gordeta dagozan ale esanguratsu batzuen bidez.

1919an, Euskaltzaindiagaz batera sortu eben Bibliotekea. 1978tik dauka Azkue izena, lehen euskaltzainburuaren omenez, eta gaur egungo izen ofiziala Azkue Biblioteka eta Artxiboa da. Bibliotekako burua Andres Urrutia da, eta arduraduna, Pruden Gartzia. 56.000 monografia eta 2.000 aldizkari baino gehiago dagoz han gordeta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu