Baztango mutil jantzen doinuak diskoan batu ditu Aikok
2018-06-13 12:43 MusikeaHamabost pieza tradizional dira, baina sonoridade landuagoa emon deutsie.
Jantza tradizionalak goraipatu eta zabaltzea da Mutil Dantzak diskoaren helburu zintzoa, Aiko Taldeko Sabin Bikandik azaldu dauenez. Errespetuz hartu ditue Baztango tradizinotik, hango jantzen grabazino gitxi dagozalako. Jantzak ez dira inorenak, danonak baino, zehaztu dau Bikandik. Aitatzekoa da, ganera, Aiko Edizioak izeneko zigilu barria sortu dabela eta Mutil Dantzak hau da lehenengo produkzinoa.
Baztango mutil jantzen aldaerak batu eta aztertuta, bersino estandar edo orokor bat sortu eben orain dala ehun urte, Eusko Ikaskuntzak Oñatin egindako biltzarraren harira. Harrezkero, ia ez dira aldatu horreek piezak eta Aikoko Patxi Labordak argitu dauenez, eurek be ez dabe ia ezer ikutu: Beste sonoridade bat emon deutsegu, Aiko soinua deitu geinkena, besterik ez.
Edozelan be, Aiko Taldeko kideek bizi barria emon deutsie mutil jantzei. Normalean txistuz baino interpretetan ez diran melodiak beste tresna batzukaz jo ditue (mandolina, kontrabaxua, akordeoia, tanborra...) eta pieza bakotxaren bideoa egiteko asmoa be badabe, internet bidez zabaldu eta jantzak zelakoak diran erakusteko. Plazaratu daben lehenengo bideoa (Billantxiko Txiki), hemen.
Dana dala, mutil jantzak ez dira bizkor eta erraz ikasteko modukoak, Sabin Bikandik eta Patxi Labordak ohartarazo dabenez. Pausu eta melodia guztiak behar dan modura ikastea prozesu luze baten bidez baino ezin da lortu. Mutil jantzak erronka bat dira, eta diskoak ahalegin bat eskatzen dau, bakarkako lana, dino Labordak. Edozelan be, jantzan egiteko disko bat dala azpimarratu dau.
Ganera, mutil jantzak ikasteko bakarkako lan nekeza egin behar dan arren, hasikerako jarraibideak behinik behin erakutsiko ditue Aiko Taldeko kideek, Bilbon eta Errenterian egingo diran ikastaroetan. Labordaren arabera, saio horreetan ez dogu dana ikasiko, ezinezkoa dalako, baina atea zabalduko dogu, gero bakotxak erabagiko dau bide horretan noraino joan nahi dauen.
Eguenean, hilak 21, egingo ditue horreek ikastaroak, Bilboko Campos antzokian eta Errenteriako Niessen aretoan, arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara. Errenteriko saioan Kukai taldekoen laguntzinoa izango dabe jantza-maisuek. Uda ostean era horretako ikastaro gehiago egiteko asmoa dabe. Bestetik, zapatuan, hilak 16, Aikok zuzenean joko ditu diskoko piezak, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian egingo daben erromeria berezian. Dantzazale Egunaren barruko ekitaldia izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!