Hemen dira Kimuak 2018 katalogoa osotuko daben 7 film laburrak

Bizkaie! 2018-06-13 08:05   Zinemea

Honako filmak aukeratu ditue: 592 metroz goiti; Ama; Ancora Lucciole; Espedizio handia; Kafenio kastello; No me desperteis; eta Zain.

Dagoeneko badakigu Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez eta Euskadiko Filmategiaren laguntzinoagaz atondutako 2018ko Kimuak programan eskainiko dan film labur bildumea.

Aurtengo batzordea honako kideek osotu dabe: Carlos Plaza, Donostia Kulturako Zinema Unidadeko teknikaria, Iván Miñambres, UniKo produkzino etxeko zuzendaria, Jorge Rivero, zinemagilea, Asturiasko Cortometrajes Laboral Cinemateca programako koordinatzailea, Cortosfera aldizkariko kritikaria eta Gijongo eta Aguilar de Campooko zinemaldien programatzailea, Lorena Martín,
Canarias en Corto programako tekniko arduraduna eta Ruth Pérez de Anucita, Donostia Zinemaldiko Komunikazino Arduraduna eta Zuzendaritza Batzordeko kidea.

Aurkeztutako 78 proposamenetatik honako filmak aukeratu ditue: 592 metroz goiti, Maddi Barber; Ama, Josu Martinez; Ancora Lucciole, Maria Elorza; Espedizio handia, Iban del Campo; Kafenio kastello, Miguel Ángel Jiménez; No me desperteis, Sara Fantova; eta Zain, Pello Gutiérrez.

Katalogoak dokumentala eta fikzinoa jaso ditu, generoen arteko mugak hausiz hainbat kasutan. Hizkuntzei jagokenez, filmetako bi euskera hutsean dagoz, beste bi euskeraz eta gaztelaniaz, bat euskeraz eta frantsesez, bat gaztelaniaz eta italieraz eta azken bat grekoz.


592 metroz goiti

Maddi Barber (Iruñea, 1988) zinemagileak zuzendu dau Suitzako Visions du Réel jaialdi ospetsuan estreinautako dokumental hau. 592 metroz goiti egilearen Ikus-antropologia master amaierako proiektu legez hasten da. Lurralde batek erabateko aldaketea jasaten dauenean bertako biztanleen bizi aukerak aztertzen ditu, 1990. hamarkadan Itoitzeko urtegiak urperatutako inguruei erreparauta. 592 metroko altueran dagoan koteak bailarea bitan zatitzen dau: maila horren azpitik ura dago, goitik, bizitzea.

Leioako Doxa Producciones etxeak produzidu dau dokumentala. Euskeraz eta gaztelaniaz errodau eben Nafarroako Pirinioen magalean, 2017ko udan. Maddi Barberren laugarren lana da; 2015ean, Zinergentziak barruan, Distantziak film kolektiboan parte hartu eta 2017an, Ametsen egunerokoa / Diario de Sueños zuzendu eban berak bakarrik. Oraintsu Yours Truly egin dau, Christopher Murray eta Charlotte Hoskins egileakaz batera.


Ama

Josu Martinezek (Bilbo, 1986) zuzendu dauen Ama, Joseba Sarrionaindiaren Gure oroitzapenak obran oinarritutako film kolektiboko pieza bat da. Bilboko Adabaki produkzino etxeak bultzatu eta produzidu dau proiektua.

Ama-k 1915eko udara eroaten gaitu, Baxe Nafarroako Baigorri herriko auzo urrun batean, gutun baten esperoan bizi dan emakume baten etxera.

Josu Martinez Euskal Herriko Unibersidadeko Ikus-entzunezko komunikazino saileko ikertzaile eta irakaslea da. Zinemagintzan, sei dokumental luze zuzendu ditu, tartean Itsasoaren alaba (2009), Sagarren denbora (2010), Prohibido recordar (2010) eta Donostia Zinemaldian estreinautako Gure sorlekuaren bila (2015). Lapurdin kokatutako Gastibeltza Filmak produkzino etxearen sortzailea be bada eta literatura mailan, hiru saiakera liburu argitaratu ditu.


Ancora lucciole

Maria Elorzaren dokumental barriak, gaztelania eta italierea nahasten ditu 1972an Pier Paolo Pasolinik ipurtargien desagerpenaz idatzitako berbak gogora ekarteko. Artikulua idatzi eta gitxira hil eben Pasolini, eta ordutik, ipurtargiak be desagertuz joan dira.

Maria Elorza (Gasteiz, 1988) bigarren aldiz egongo da Kimuaken, 2016an Maider Fernandezegaz osotzen dauen Las chicas de Pasaik kolektiboaren Gure hormek aurkeztu eta gero.

Filmografia luzea dauka gasteiztarrak. Las chicas de Pasaik ez eze, Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa (2014, Aitor Gametxogaz batera zuzendua), Agosto sin ti (2015), Kalebegiak proiektuko La chica de la luz pasartea (2016) eta Gure hormek bera. Bere kabuz hainbat dokumental egin ditu, tartean Antología de conversaciones cotidianas (2011).

Maria Elorza Ikus-entzunezko Komunikazinoan lizentziau zan Bartzelonan eta Sormena eta Ikerketa Artean masterra egin eban UPV-EHUn. Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroan egiten dau lan eta LUPA Dokumental Mostraren lantaldearen partaide eta Larrotxene Kultur Etxeko irakaslea be bada.


Espedizio handia

Iban del Campo arrasatearra be bigarren aldiz izan da aukeratua Kimuak programan, 2009an, Dirty Martini dokumentalagaz parte hartu eban eta.

Espedizio handia zientzia-fikzinozko lana da. L'Estrange familia protagonista hartuz, gizakiak izarren hautsa baino gehiago izateko dauen nahia dakar, familia hau espaziorako bidean jarraituz.

Iban del Campo Ikus-entzunezko Komunikazinoko irakaslea da Mondragon Unibersidadean eta bertako ikasleek antolatzen daben Huhezinema euskal film laburren jaialdiaren sustatzaile eta koordinatzailea da. Besteak beste, Un tal Eusebi (2003), Lo bakarrik (2008), Katebegitik (2011), Con Tramontana (2012) eta Tigger! (2016) laburrak zuzendu ditu.


Kafenio kastello

Miguel Ángel Jiménezek zuzendu eta Gasteizko Kinoskopik etxeak produzidu dabe Kafenio Kastello dokumentala. Atenaseko erdigunean, krisiaz eta suntsipenaz inguratuta bizi dan personaia talde txiki batek patu ilunari eusten deutso, euren arteko anaitasunari esker.

Jiménezek (Madrid, 1979) Khorosho aurkeztu eban 2010ean, Kimuaken. Bere lehen film laburra Aki Kaurismäkiren laguntzinoagaz egin eban 2001 urtean eta 2007an Kinoskopik sortu eban Gorka Gómez Andreu eta beste bi bazkidegaz batera. 2008an, Días de abanico dokumental laburra egin eban eta 2009an Ori, bere lehen film luzea grabau eban Georgian. Chaika, bere bigarren luzea, Donostia Zinemaldiko Zuzendari barriak atalean estreinau eben 2012an. Orain Sumendia fikzinoa amaitzen dabil, Bilbo eta Grezia artean grabauko dan lana.


No me despertéis

Sara Fantova (Bilbo, 1993) zinemagile gaztearen lehen filma da. Euskeraz eta gaztelaniaz errodauta dago eta Bartzelonako ESCAC zinema eskolako gradu amaierako lana da. Esperientzia personal batetik abiatuta sortu dau lana.

Jone DBH 4. mailako ikaslea da. 2009ko Bilbora eroaten gaitu, protagonistearen institutuan arnasten dan giro abertzale eta aldarrikatzailera. Grebak eta manifestaldiak ohiko ekintzak dira nerabeen artean, baina Joneren errealidadea oso bestelakoa da.

Zain

Pello Gutiérrez (Donostia, 1979) sortzaileak zuzendu dau Zain komedia tristea. Kaurismäkiren estetikeari eutsiz, bakardadearen erretratu gordin baina samurra egin dau. Zazpi T’erdi etxeko sortzailea da Pello Gutiérrez, David Aguilarregaz batera. 2007tik, ez-fikzinoa eta mugako generoak landu ditue eta produzidutako lanakaz (Nao Yik, Mara mara, Converso) hainbat nazinoarteko sari jaso ditue. Berak zuzendutako lanak dira Heroínas sem nome (2011), Abuztua (2014) eta Ozpinaren sindromea (2017).

Kimuakek euskal film laburren sustapena eta banaketea dau helburu. Hautatuak izan diran film labur horreek nazinoarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bialduko dira gaurtik hasita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu