'Kimuak' programea omenduko dabe Eskozian

Bizkaie! 2018-05-22 11:57   Zinemea

Edinburgo eta Glasgow urietan egingo dabe zikloa maiatzaren 24tik 31ra.

Asier Altunaren eta Telmo Esnalen 'Txotx' filma proiektauko dabe | Ikusi handiago | Argazki originala

Edinburgo eta Glasgow urietan euskal zinemagintzearen ganeko bost eguneko atzera begirakoa atondu dabe eta euskal film laburrak nazinoartean zabaltzen 20 urte bete dituan Euskadiko Filmategiko Kimuak programa aitzindaria omenduko dabe. Kimuak: 20 years of Basque short films (Kimuak: euskal film laburren 20 urte) izenburupean, programeak hainbat ekintza jasoko ditu: Kimuak katalogoko klasikoen proiekzinoak, berbaldiak, mahai-inguruak, masterclass-ak eta bestelakoak.

Eskozian Kimuak belaunaldiari lotutako zuzendari esanguratsuak egongo dira: Asier Altuna eta Isabel Herguera dira horreetako batzuk. Euskal zinemagintzearen ahots barriak be bertan izango dira, Maider Fernandez Iriarte, adibidez. Txema Muñoz, Kimuak programearen arduraduna be han izango da. Miren Manias Edinburgoko Unibersidadeko euskal zinemagintzan adituak be hartuko dau parte maiatzaren 24tik 31ra Edinburgh College of Art eta Glasgowko Arte Garaikidearen Zentroan egingo dan programa honetan.

Orain dala 10 urtetik hona Iberoamerikako zinemea Eskozian ezagutzera emoten ibili dan Cinemaattic kolektiboak atondu dau atzera begirakoa Etxepare Euskal Institutuaren babesagaz, nazinoarteko programazinoetan euskal sorkuntzeari leihoak edegiteko helburuagaz.

Alberto Valverde Cinemaattic-eko programatzailearentzat, Kimuak artisteari zor jakon errespetuaren adibide argia da, kulturan ondo inbertidutako politika publikoen eredua, emoitza moduan Goya sarietan zein nazinoartean erantzun ona izan dauen euskal sortzaile belaunaldi barri bat emon dauena.

Bestalde, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak Cinemaattic-ek Eskozian euskal zinemagintzearen zabalkundean egindako ekarpena azpimarratu dau. Institutuaren misinoa euskal sorkuntzea zabaldu eta ikustarazotea da, baita zinemagintzea be. Cinemaattic bidelagun dau zeregin horretan; urteak daroez geure zinemagintzeari zabalkundea emoteko tresna eraginkorrenetakoa dan Kimuak katalogoa programetan, eta 20. urteurrenak aukera bikaina eskaini deusku programazino berezia atontzeko Eskozian.

Kimuak: 20 years of Basque short films atzera begirakoak ekintzaz jositako agendea dakar. Horreen artean aitatzekoak dira Asier Altunak eta Isabel Herguerak Edinburgh College of Art-en emongo dituen masterclass-ak, edota Making short films great again (Film laburrak barriro handi egiten) omenaldia Glasgowko Arte Garaikidearen Zentroan. Asier Altuna zuzendariak omenaldi propioa izango dau bere ibilbide profesionala berrikusiko dauen gau berezian, Txotx bere lehen film laburretik hasita, bere azken lanera arte: Amama.

Omenaldi horretarako berreskuratutako lanen artean dagoz 7:35 de la mañana (Nacho Vigalondo); Traumatología (Daniel Sánchez Arevalo), Txotx (Asier Altuna eta Telmo Esnal), Deus et Machina (Koldo Almandoz), Minerita (Raúl de la Fuente), Amor de madre (Koldo Serra eta Gorka Vázquez), Éramos Pocos (Borja Cobeaga), Sintonia (Jose Mari Goenaga), Topeka (Asier Altuna), El tren de la bruja (Koldo Serra)... Eta Kimuak programako beste hogei klasiko baino gehiago dira atzera begirakoaren parte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu