Ikastetxeetako artisten obrak, Bilboko Guggenheimen ikusgai
2018-06-12 08:35 KultureaMuseoko Hezkuntza Gunean dagoz 140 neska-mutilek egindako artelanak.
Artearen munduaren eta sorkuntza artistikoaren inguruko interesa gaztetxuen artean zabaltzeko asmoz, Bilboko Guggenheim Museoak ikasturte guztietan antolatzen dau Artea Ikasbide programea eta kurso amaierako erakusketea. Aurten, Euskal Autonomia Erkidegoko sei ikastetxetako ikasleek parte hartu dabe, tutore izan dituen artistakaz batera.
Henri Michaux eta Esther Ferrer artistei Guggenheimen bertan eskainitako erakusketak izan dira parte-hartzaileen inspirazino iturri. Michaux eta Ferrerren obrak eta lan egiteko modua aztertu ditue eta, ondoren, gazteak eurak be artista bihurtu dira. Sei eta hamabi urte bitarteko 140 ikaslek egindako beste horrenbeste obra ikusgai dagoz Guggenheimeko Hezkuntza Gunean, irailaren 16ra arte.
Iñaki Gracenea, Naia del Castillo, Maider López, Manu Muniategiandikoetxea, Jorge Rubio eta Elssie Ansareo izan dira ikasturte honetako artista-tutoreak. Museoko hezitzaileakaz batera, tailerrak diseinau eta dinamizau ditue. Besteak beste, honako proposamenak egin deutsiez umeei: argazkietan jasotako talde-performance dibertigarriak, txantiloi edo erreserbakaz egindako pintura esperimentalak, 17 azal-koloregaz osotutako lagina eta istorio berezia dauen robot erraldoi bat.
Erakusketea bera atal tematiko bitan banatu dabe: Kodeak, alfabetoagaz eta sinboloakaz lotua; eta Guneak, espazioa okupau eta irudikatzearen ingurukoa. Guggenheim Museoko ganerako erakusketakaz egiten daben legez, entzuteko gidek Artea ikasbide-ren informazino orokorra eta obra batzuen azalpenak emoten ditue.
2017-18 ikasturteko Artea Ikasbide programan parte hartu daben 140 artista gazteak ikastetxe honeetakoak dira: Eibarko Amaña, Gasteizko Judimendi, Andoaingo Ondarreta, Trapagarango La Arboleda, Gasteizko Aranbizkarra eta Sestaoko Markonzaga.
1998an Artea Ikasbide egitasmoa martxan ipini ebenetik, Lehen Hezkuntzako 3.000 ikasle baino gehiagok hartu dabe parte, baita 220 irakaslek eta 28 artistak be. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 145 ikastetxetara heldu da programea 20 urteko ibilbidean. Arteak eskola kurrikuluma indartzen lagunduko ebalakoan, New Yorkeko Guggenheim Museoan ekin eutsien era honetako egitasmo bati, 1970eko hamarkadan, eta handik ekarri eben idea hau Bilbora.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!