Manu Leguineche kazetariaren artxiboa, Federico Krutwigena eta Zavala familiaren funtsak Bilbon

Bizkaie! 2018-06-12 08:19   Kulturea

Dokumentu-ondarea herri baten historia, kultura eta nortasunaren funtsezko zati bat da. Gure memoriaren ezinbesteko isla.

Iñigo Urkullu lehendakariak Bilboko Euskadiko Artxibo Historikoa bisitau dau gaur eta Eusko Jaurlaritzeak erakunde horren lana sustatzearen alde egindako apustua berretsi. Ganera, Artxiboak hiru dokumentu-funts barri jasoko dituala hemendik gitxira esan dau: Manu Leguineche kazetari ospetsuaren artxiboa, Federico Krutwig idazlearen artxiboa eta Zavala familiaren funtsak bagila eta iraila bitartean helduko dira Bilbora.

Lehendakariaren bisitea asteburuan ospatutako Artxiboen Nazinoarteko Egunagaz batera etorri da; haregaz batera egon dira Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria; Kultura sailburuorde Joxean Muñoz; Kultura Ondarearen zuzendari Mikel Aizpuru; eta Artxiboaren zuzendari Borja Aguinagalde. Alkarregaz, lau soto eta sestra ganeko sei pisuko eraikin honen zenbait instalazino bisitau ditue.

Lehendakariak gogoratu dauenez, eraikin horretan Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazinoaren Artxibo Nagusia dago 1936tik, bai eta beste asko bere: justizia-administrazinoen material ugari, hauteskunde-batzorde, erakunde, fundazino zein familien funtsak, familienak, gordailu personalak, argazki-bildumak, erakunde desbardinetako mikrofilm kopiak edo Gogora Institutuaren funtsak.

Dokumentu-ondarea herri baten historia, kultura eta nortasunaren oinarrizko zati bat da. Gure memoriaren ezinbesteko isla. Hemen, dokumentu, datu, irudi edo mikrofilm honeen artean, izan garenaren eta egun garenaren historia dago. Behar-beharrezko jaraunspen bat da Euskadiren oraina eta etorkizuna eregiten jarraitzeko. Artxibo hau dokumentu-ondarea gordeteko, jagoteko, ikertzeko eta zabaltzeko lekua da. Artxibo hau leku edegia da, herritar guztientzako eskuragarria. Iragana ikusi eta ezagutzeko lekua da, oinarri sendo batean eutsitako etorkizuna eregi ahal izateko, adierazo dau Lehendakariak.

Ateak orain dala lau urte edegi zituanetik, gero eta material gehiago jasoten ditu Artxibo Historikoak, berbarako, aurten, 1998an zarratutako Egin egunkariarenak. Egun, hainbat urtean Hernaniko erredakzinoak bertan behera gelditu ostean, materialokk desinfektetako lanetan dabiz eraikinean bertan.

Azken buruan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hitzarmena sinatu eban Eusko Ikaskuntzagaz; hitzarmenaren ondorioz, erakunde horrek bere materialen zati bat Artxibo Historikoaren esku itxi dau. Orain arte Eusko Ikaskuntzak kudeatu dauen Gaur Eguneko Historiaren Agiri-dokumentuen Biltokiak azken lau hamarkadetan batutako dokumentuak dagoz itxitako funtsen artean. Eta bere garaian euskal familia eta alkarte desbardinek Eusko Ikaskuntzaren esku itxi zituen dokumentu-funtsak Artxiboaren esku itxi dira. Horreei, Lehendakariak iragarritako hiru dohaintzak gehituko jakez. Manu Leguinecheren artxiboaren kasuan, Arratzuko kazetari eta idazleak bidaietan batutako mundu osoko materialak jasoko dira. Zati bat Artxiboan dago honezkero; beste guztiak datozen asteotan helduko dira. Federico Krutwig idazle, politikari eta euskaltzainaren artxiboaren kasuan, bere alargunak emon dauen haren artxibo personala da. Zavala familiari jagokonez, azkenik, Euskadiko artxibo pribatu handiena da dokumentazinoaren bolumen, kalidadea eta aniztasuna dala eta: XV. mendeko hasieratik 1950era arte batutakoak.

Lehendakariak edukiaren zati bat ezagutzeko aukerea izan du. Artxiboaren zuzendari Borja Aguinagaldek 1936ko Eusko Jaurlaritzeari loturiko dokumentu batzuk edo Juan Sebastian Elkanoren 1522ko jatorrizko dokumentuak erakutsi deutsoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu