Open House Bilbon eta Barakaldon izango da irailaren 22an eta 23an

Bizkaie! 2018-06-11 07:55   Kulturea

Normalean herritarrentzat zarratuta egoten diran 60 eraikinetik gora zabalik egongo dira bisitak egiteko.

Bilbok eta Barakaldok mundu guztiko 30 urigaz bat egin dabe, urteko asteburu batean, irailaren 22an eta 23an, eraikin berezi batzuetako ateak zabalik eukiteko. Uriaren nortasunaren eta kulturearen funtsezko osogai lez arkitekturea esperimentetea sustatzen dau Open House Bilbao jaialdiak. Igaz, lehenengo edizinoan, 35.000tik gora izan ziran bisitariak eta 350etik gora boluntarioak. Ateak zabalik urian egiten dan jaialdirik handiena da, Arkitekturearen eta Urigintzearen inguruan egiten dan parte-hartze handiko saioa.

Igaz jaialdiaren gaia Bilboko eraldaketa urbanoa izan zan. Aurten eraikinak erakusten jarraitzea da asmoa baina Bilboko eta Barakaldoko etxebizitza sozialen arkitekturea nabarmenduko dabe. Etxebizitza sozialaren bilakaera historikoa, tipologiaren bilakaerea eta leku jakin batean biziteko modu desbardinak dira hausnarketarako planteautako alderdi batzuk.

Parte hartuko daben eraikinak 60tik gora izango dira. Kanpoaldean seinaleren bat egongo da jenteak eraikinak identifiketako. Boluntarioek informazinoa emon, ilarak kontrolau eta eraikinak erakutsiko ditue. Eraikin bakoxzeko 20-30 minutuko bisitaldi gidatuak izango dira, 25 persona inguruko taldeetan banatuta. Eraikin bakotxak ahal dauen ordutegia jarriko dau barrutik ikusteko; ordutegi horreek jaialdiari buruzko gidan eta web-orrian konsultau ahal izango dira. Eraikin gehienak bisitetako ez da izenik emon behar, nahikoa izango da bertara joan eta txandea izan arte itxarotea.

Jarduera osogarriak be eskainiko dira, herritarrek urigintza eta arkitektura-obrak ezagutu deiezan eta horreen ganeko eretxia eta balorazinoa emoteko aukerea izan deien; hori urigintza eta arkitektura-obrak uriaren sorkuntza, arte eta kultura-arloetako produkzinoaren funtsezko osogarri hartuta.


Aitatu asteburuko egun bietan, doban bisitau eta ezagutu ahal izango diran eraikinak:

Chavarri Jauregia, 1894. A. de Anduiza, P. Hankar.
Ibaigane Jauregia, 1900. G. Ibarreche.
Olabarri Jauregia, 1894. J. de Zubizarreta.
Bailen Etxe Orratza, 1946. J.M. Chapa, M.I. Galindez.
Melia Hotela, 2003. R. Legorreta, TDM, Aurteneche&Pérez-Iriondo.
Iberdrola Dorrea, 2011. C. Pelli, Ortiz-León.
Bidebarrietako Udal Liburutegia, 1890. S. Achúcarro.
Harino Panadera, 1902. Mario Camiña/ Fidel Urrutia.
Azkuna Zentroa. 1909/ 2010. R. Bastida / P. Stark.
Arriaga Antzokia, 1885-1890. J. de Rucoba.
Arte Ederren Museoa, 1945/1970/2002. F. Urrutia, G. Cárdenas/A. Libano/L.M. Uruarte, P Basáñez.
Bizkaia Aretoa UPV/EHU, 2010. A. Siza, R. Losada.
Euskadiko Artxibo Historikoa, 2013. G. Carro, IDOM.
IDOM Egoitzea, 2011. J. Pérez Uribarri, IDOM.
Yohn Jauregia (“La Bolsa” eraikina), 1727.
Montero Etxea, 1904. L.Aladrén, J.B Darroquy.
Euskalduna Jauregia. 1999/2012. F.Soriano, D. Palacios.
Luis Briñas Ikastetxea, 1933. P. Ispizua.
Bilbao Arena Kirol Jauregia, 2010. J: Pérez Uribarri.
Santa Maria Josefa Eliza, Miribilla, 2008. IMB
Castañoseko Merkatua (garai bateko ikuztegia) 1910/2009. R. Bastida / IMB
EITBren egoitzea, 2005, 2007. A. Rúiz de Aguirre, P. Benabides
Konkordia Geltokia, 1876. S. Achucarro / V. Gorbeña
Deustuko Sifoia, 1997. Estudio Galdós / Bigalbi Arquitectos
Eleiz Museoa. XVI.-XVII. mendeak.
Emilio Campuzano LHII. 1845. G.B. de Orbegozo
Esperientzia Gelak. 1885. S. de Goicoechea.
Bilboko Udaletxea. 1892. J. de Rucoba
Zankoetako Udaltegia. 1917 / 2011. R. Bastida / J.M. Menchaca
Bizkaiko Foru Liburutegia. 1929 / 2007 J.C. Guerra / IMB Arquitectos
Erriberako Merkatua. 1929 / 2010. P. Ispizua / E. Puertas
Etxe Amerikarrak. 1964. R. Basañez, E. Argárate, J. Larrea
Indautxuko Karmen Eleize. 1968. F.J. Ortega Uribe-Echebarria
EHAEObiz Egoitzea. 1968. RJ.E. Casanueva, C. Garcés, J. Gaya, J. Torres
Udaltzaingoaren egoitzea. 2012. Coll-Barreu Arquitectos
Suhiltzaileen egoitzea. 2012. Coll-Barreu Arquitectos

Igaz parte hartuta zeozelan programan finkatutako eraikinakaz batera, aurten zenbait obra eta espazio interesgarri gehituko dira:

- Bilbon:

Cava etxeak, 1869
María etxea, 1890.
Sociedad Bilbaína, Emiliano Amann Amann, 1913.
Carreras Múgica arte-galeria, Estudio Herreros 2014.

- Barakaldon:

Bilbao Exhibition Centre, Idom Arquitectura, 2005
Lasesarre estadioa, Eduardo Arroyo, 2003
Miranda Fundazinoa (orain kontserbatorioa), Ismael Gorostiza, 1914
ILGNER eraikina, A. Peña Boeuf, 1927
Paulen eleizea eta antzokia, C. Sans Gironela, 1969


Bilboko Udala jaialdiaren babeslea da bigarren edizino honetan; eta jaialdiak Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren eta Barakaldoko Udalaren eta beste erakunde eta alkarte batzuen laguntzinoa be badauka.

 

Open House Worldwide

Open House nazinoarte-mailako jaialdia da, arkitektureari eta urigintzeari buruzkoa; 1992an egin zeben aurrenekoz Londresen; helburua herritarren artean eraikin jakin batzuetako diseinuaren eta arkitekturearen presentzia sustatzea da.

Urteetan zehar jaialdia beste uri batzuetara be zabaldu da, arkitekturan eta diseinuan abangoardian dagozan urietara. Egun 30 uritan baino gehiagotan egiten da jaialdia, besteak beste, New York-en, Helsinkin, Bartzelonan eta Melbournen. Urien Open sarea, alkarrengandik ikasteko eta lankidetzan jarduteko da; eta Open House Worldwide familiako kideen artean sinergiak sortzeko aukerea emoten dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu