Merkataritzan eta ostalaritzan euskerea erabilteko gidea aurkeztu dabe Euskal Museoan

Bizkaie! 2018-06-11 07:59   Kulturea

Bertako klaustroaren estalki barria aprobetxau dabe ekitaldirako.

Gidearen aurkezpena | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak merkataritza, ostalaritza eta Lanbide Heziketako ordezkarien arteko topaketea antolatu dau Bilboko Euskal Museoan, horreetan arloetan euskerearen erabilerea handitzeko bideak alkarlanean adosteko asmoz. Jardunaldi horren aurretik, Kaixo-Agur izeneko eskuliburua aurkeztu dabe, dendetan zein tabernetan oinarrizko euskerazko arretea emoteko laguntzinoa eskaintzen dauen tresnea.

Merkataritzea eta ostalaritzea sektore estrategikoak dira, danok joaten gara era horretako establezimenduetara eta hor sortzen diran hartu-emonak euskeraz izatea gura dogu, azaldu dau Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputaduak. Kaixo-Agur gidan oinarrizko jarraibideak emoten jakez sektore horretako behargin eta arduradunei, euren jardunean euskerea sartu deien.

Bezeroaren hizkuntzan berba egitea ona da negoziorako, ohartarazo dau Bilbaok. Kanpora goazanean hango hizkuntzan berba batzuk esaten ahalegintzen garala, batez be ingelesez eta frantsesez, eta etxeko hizkuntzeagaz be ahalegintxu hori egin behar dala uste dau Kultura diputaduak: Hizkuntza hegemonikoakaz egiten dogun keinu hori, euskeraz zergaitik ez dogu egingo.

Gidea, euskeraz eta gaztelaniaz ez eze, frantsesez eta ingelesez be plazaratu dabe, kanpotik datozanak be euskerara hurreratu daitezan. 500 ale banatuko ditue Bizkaiko ostalaritza eta merkataritza alkarteetan, baita Lanbide Heziketako ikastetxeetan be. Horrezaz gan, PDF formatuan irakurri ahal izango da eskuliburua, Jakinbai webgunean.

Merkataritzako, ostalaritzako eta Lanbide Heziketako ordezkariakaz egindako topaketan, KaixoAgur eskuliburua aurkeztu dau Bizkaiko Foru Aldundiak. Horrezaz gan, hainbat establezimendutan euskerea bultzatzeko martxan ipini dituen praktika onak be konpartidu ditue. Asmoa alkarregandik ikastea da. Zerbitzu euskaldunagoa eskaintzea posible da, adierazo dau Lorea Bilbaok, proiektu hau askoren arteko lankidetzeari esker sortu da eta gure laguntasuna be izango dabe.

Merkataritza, ostalaritza eta Lanbide Heziketako ordezkariak, Euskal Museoan egindako topaketan

Euskal Museoko Klaustroan beirazko estalkia jarri dabe, bagilaren 13tik aurrera publikoarentzat ikusgai

Bizkaiko Foru Aldundiarena eta Bilboko Udalarena dan Euskal Museoak beiraz estalitako klaustro barria dauka. Kaixo-Agur gidea aurkezteko ekitaldia eta horren osteko topaketea, hain zuzen be, estalki horren babespean egin dabe. Azpiegitura barria momentu aproposean estreinau dabe, kanpoan euria izan da eta.

Horren aurretik, asteburuan egindako bisita teknikoan, Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Euskal Museoaren zuzendari eta Euskera eta Kulturako foru diputadu Lorea Bilbao eta Museoaren koordinatzaile Sorkunde Aiarza izan dira, proiektuaren ardurea daben arkitektoakaz batera, eta berretsi dabe estalki barriagaz klaustroan ikusgai dagozan Mikeldi idoloa eta bildumako ganerako piezak hobeto babestuta egongo dirala eguraldi txarra dagoanean, izan be, guneak etenbarik izaten ditu hezetasunak eragindako kalteak. Bestalde, Euskal Museoak eta Bilboko uriak estalitako espazio barri hau izango dabe hemendik aurrera, gehienbat kultura-arloko jarduerak egiteko. Jenteak bagilaren 13tik aurrera izango dau ikusgai.

Espazioa estaltzeko lanen bidez, Museoa egitura barri batez hornidu da, hain zuzen, museoaren egungo irudian ezin hobeto txertatuta geratu dan beirazko prisma batez. Lehiaketea irabazi eban A+PI Arquitectos-arkitektura-estudioa arduratu da proiektua idazteaz eta obrea zuzentzeaz. Lan hau ez da inbaditzailea, estalkiak eraikinaren egungo itxurea errespetetan dauelako. Eraikuntza-lanetan, Bilboko Zazpikaleetako eraikinek bete beharreko urigintzako araudia beteteaz gan, eraikinak dauen babes berezia hartu da aintzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu