Munduko sukaldaririk onenak hartzeko prest dago Bilbo

Bizkaie! 2018-06-11 09:47   Jan edanak

Munduko jatetxerik onenak aukeratuko dituan biltzarra egingo dabe Bilbon bagilaren 14tik 17ra arte.

Aitatu egunetan, bertoko produktuak eta euskal gastronomia izango dira protagonistak Guggenheim Museoko zabaldegian antolatutako Fan Zone gunean; jarduera-programa betea atondu dabe, besteak beste, sukalde-tailerrak, dastatze-saioak, showcookingak eta umeentzako ikuskizunak. Fan zone eremuko jarduerek balioa emon nahi deutse tokiko produktuei eta Euskadiko produktoreei, NIREA programan aldarrikatzen dan legez. Euskal gizarteak Euskadiko landa- eta itsasertz-ingurunearen garapen iraunkorragaz dauen konpromisoa sustatzea da azken horren helburua. Ekintza txikien garrantzian oinarritutako programea da, izan be, gure erabagi eta ekintza txikiek eragina dabe gure ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-ereduan.

Nazinoarteko sukaldaririk onenei ondoetorria egiteko prest dagoz uriko establezimenduak be eta BilbaoDendak alkarteko dendek dekorazino berezia ipini dabe, gastronomiagaz lotuta. Erribera, Labayru, Deustu eta Otxarkoagako merkaduetan apainketa hori ipini dabe dagoeneko, baita uriko ehun denda baino gehiagotan be. 

Ganera, dendek kanpaina bereziak ipiniko ditue martxan egunotan, The World's 50 Best Restaurants dalako topaketea dala eta. Kanpaineagaz bat egin daben establezimendu baten 20 euro edo gehiagoko erosketea eginda, opari-txartelak irabazteko zozketan sartuko dira kontsumitzaileak. Bilboko gastronomia-establezimenduetan 50 euroko gastua egiteko balioko dabe txartelek. Bagilaren 23ra arte parte hartu ahal izango dabe erosleek.

Merkatariek ez eze, Bilboko Metroak be bat egin dau munduko jatetxe onenen topaketeagaz. Moyua geltokiaren dekorazinoa goitik behera aldatu dabe, jatetxe baten itxurea izan daian. Bagilaren 20ra arte, geltoki horretako nasetan ibilten diranek 300 metro koadroko muntaia berezi hori ikusi ahal izango dabe, metroari itxaroten deutsien artean.

Munduko jatetxe onenak aukeratzeko ekitaldia martitzenean, hilaren 19an, egingo dabe, Azkuna Zentroan. Horrezaz gan, bestelako jarduera batzuk be egongo dira aste honetan eta hurrengoan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu