Julia Otxoa eta Edurne Portela aurrez aurre 'Eztabaidak Literatureagaz' ekimenean
2018-06-08 13:40 KultureaOraingo barriketaldiak, literatureak persona eta gizarte mailan dauen balioan sakontzeko asmoa dakar.
Eztabaidak literatureagaz ekimenak, genero desbardinak lantzen dituen euskal emakume idazle bigaz topaketea dakar bagilaren 12rako; Edurne Portela, saiakerak eta lantzen dabilena eta Julia Otxoa, poesia esperimentala eta objektuala jorratzen dituana. Biak, literaturearen balioa edo erabilgarritasuna argitzen ahaleginduko dira, egileen ikuspuntu personalagotik baina baita gizarte mailatik be, gehiegizko informazinoak, abiadurak eta kultur produktu asko Internet bitartez konsumiduten diran esparru kolektiboak eta publikoak markautako momentu honetan.
Edurne Portelak (Santurtzi, 1974) AEBetan egin dau bere ibilbide profesionala, eta bertan Literatura Hispaniarrei buruzko doktoretzea egin eban, Ipar Carolinako Unibersidadean. Hamairu urtez, irakaskuntza lana eta Lehigh-eko Unibersidadeko Giza Zientzien Ikerketa Zentroaren (Humanities Center) zuzendaritza lana egin zituan. 2016ko urtarrilean, barriz, Euskadira itzuli eta berton idazten dabil. El eco de los disparos: cultura y memoria de la violencia (2016) saiakerea eta Mejor la ausencia, eleberria argitaratu ditu, biak Galaxia Gutenberg argitaletxeagaz.
Julia Otxoa (Donostia, 1953) poeta, narratzaile eta artista plastikoa da, Estaduan mikro-kontakizun generoa finkatu eben gazteen belaunaldiko kidea da. Bere lanean hainbat korronte artistiko ikusten dira, surrealismoa, existentzialismoa eta arte plastikoak. Poesian, narrazinoan eta umeentzako narrazinoan argitaratutako 30 liburu baino gehiago batzen dituan lan zabala hainbat hizkuntzara itzuli da, eta zenbait poesia, ikus-poesia eta mikro-kontakizun antologiatan jaso da. Argitaratu dituan azken liburuak Jardín de arena eta Escena de familia con fantasma dira.
2007ko urtarrilean, Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri ebenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturearen esparru osoko 300 egile inguruk hartu dabe parte ekimenean, eta 10.000 persona baino gehiago hurreratu dira barriketaldietara. Helburua literaturea ardatz hartu eta zaleak batzeko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitekturea, musikea, bidaiak edo matematikak.
Hilaren 12ko topaketea arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan; sartzea doban da, leku guztiak bete arte, eta inor ezin izango da sartu ekitaldia hasi eta gero. Dana dala, streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!