Albaolako San Juan baleontzia babestu dabe Lekeitioko ikastetxe publikoek

Bizkaie! 2018-06-08 08:05

Lekeitioko ikastetxe publikoetako ikasleek euro bana jarri dabe proiektua diruz laguntzeko.

Euskal Eskola Publikoaren Jai eguna erabili dabe Lekeitioko Eskola publikoa, Haurreskola eta Institutuko ikasleek San Juan baleontziaren babesle bilakatzeko; Albaola Zure Plazan ekimenagaz izan da Albaola Lekeition, eta egun hori aukeratu dabe euren lankidetzea jentaurrean aurkezteko.

Mendeetan, Lekeitioren garapen ekonomikorako ontziolen jarduerak izandako garrantzia, eta galtzeko arriskuan egon leiteken kulturara herritarrak hurreratzeko modua ikusi genduan, Albaolaren proiektuagaz. Lekeition berezkoa dogun itsas kultura horren ezagutzan sakondu eta belaunaldi barriakana transmisinoa bermatzearen garrantzia ikusi genduan.

Albaola Itsas Kultur Faktoria, euskal itsas teknologia berreskuratzeko eta hari jagokon balioa emoteko sortutako proiektua da. Gaur egun, XVI. mendean Pasaian eregitako San Juan baleontziaren erreplikea da Albaolaren proiekturik esanguratsuena. Euskal Herritik Ternuara joaten zan zama-ontzi hori Ipar Atlantikoan hondoratu zan, 1565ean RedBay-n, Kanadako kostaldean.

San Juan baleontziaren erreplikea 2020. urtean amaitzea aurreikusten dau Albaolak eta, finantziazino bide legez, proiektua babesteko aukerea emoten deutse herritarrei eta erakundeei. Esangura horretan, Lekeitioko ikastetxe publikoetako ikasleek, euro bana jarri dabe proiektua diruz laguntzeko. Ondokoak dira ikasleek babestu dituen piezak: txirrika edo polea bi eta soka bat.

Kontuak kontu, Eskolea, Haurreskolea eta Institutuko ikasleakaz eta lanean ibilitako Albaolako arotzakaz babesletza ekitaldia egin eben Albaolaren ontzigintza erakustaldiaren momentuan. Albaolako arotz ontzigileak XVI. mendeko San Juan baleontziaren piezak lantzen ibili dira jentaurrean, opatxurra, aizkora edo trabeseagaz, eta babesletza ekitaldiari amaierea emoteko, argazkia egin dabe, Albaolako ordezkaritzeak emondako agiria eskuan hartuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu