Manex Pagola kantagilea hil da
2018-06-07 13:04 MusikeaEuskal abesti ezagun askoren berbak bereak dira.
Baionan hil da Manex Pagola, 76 urtegaz. 1960ko hamarkadatik aurrerako euskal kantagintza barriaren aitzindarietako bat izan zan eta euskaldun gehienentzat ezagunak diran abesti ugari sortu zituan, esate baterako, Pantxoa eta Peioren Urtxintxak eta Kanta aberria Pagolak idatziak dira.
Manex Pagola Nafarroa Behereko Landibarre herrian jaio zan, 1941eko bagilaren 28an. Musikearen eta kantagintzearen bidez hartu eban euskalduntasunaren kontzientzia eta, eleizako girotik abiatuta, gazterik hasi zan han eta hemen kantetan. 1960ko hamarkadan, euskal kantagintza barriaren loraldiagaz bat, talde eta proiektu ugaritan parte hartu eta bakarlari be ibili zan.
Disko bi baino ez zituan plazaratu, 1970eko hamarkadan. Sasoi haretan, Zazpiribai ikuskizunaren bultzatzaile nagusia izan zan, Ez Dok Amairuren eredua Ipar Euskal Herrira zabaldu nahian. Baina handik gitxira abesteari ixtea erabagi eban eta ez zan oholtzara bueltau. Beste batzuentzako kantak idazteari ekin eutsan.
Pantxoa eta Peio, Erramun Martikorena, Maite Idirin eta beste askoren diskoetan topau leiteke Pagolaren ekarpena. 1987an, bere kantu gehienen bildumea argitaratu eban, Biziaren altzotik. Bestetik, umeentzako literaturan, Biba turisma! idatzi eban 1978an.
Politika eta gizarte gaietan be nabarmendu zan Pagola. Enbata mobimenduan lehenengo eta ondoren Seaskaren sorreran; Eusko Alkartasuna alderdiko Iparraldeko Idazkari Nagusi izan zan.
Ohorezko Euskaltzain izentau eben aurtengo maiatzean bertan. 2014an, Sarako Idazleen Biltzarrak omendu eban eta horren harira alkarrizketa hau egin eutsan Bizkaie!-k.
Manex Pagolari azken agurra astelehenean, bagilaren 11n, egingo deutsie, Ahurtin.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!