Hamasei ohorezko euskaltzain izentau ditue
2018-05-14 07:56 Euskerea berbagaiHamaika gizon eta bost emakume aukeratu ditu Euskaltzaindiak.
Apirilean Bilbon egindako bilkuran hamasei ohorezko euskaltzain barri izentau zituan Akademiak, orain jakitera emon dauenez. Honeek dira: Jose Antonio Aduriz, Martzel Andrinua, Txaro Arteaga, Maria Jose Azurmendi, Miren Jone Azurza, Henri Duhau, Izaskun Gastesi, Abel Muniategi, Manex Pagola, Jose Maria Rementeria, Sabin Salaberri, Txomin Solabarrieta, Julen Urkiza, Arantxa Urretabizkaia, Pello Zabala eta Auxtin Zamora.
Ohorezko euskaltzain barrien artean, askotariko perfilak dagoz. Era horretara, bost bizkaitar, sei gipuzkoar, lapurtar bi eta baxenabartar, arabar eta nafar bana dagoz; eta hamaika gizon eta bost emakume. Lanbideari jagokonez, hezkuntzeari, filosofiari, soziolinguistikeari, bertsolaritzeari, literaturgintzeari, hiztegigintzeari, kantagintzeari, kazetaritzeari, ikerketeari eta itzulpengintzeari lotuak agiri dira zerrendan.
Bere arautegiaren arabera, Euskaltzaindiak aldiro-aldiro aukeratzen ditu ohorezko euskaltzainak, hain zuzen be euskereari egindako mesede bikainakaitik nabarmendu diranen artean aukeratuak, Akademiak berak jakitera emon dauenez. Honen aurretik, ohorezko euskaltzainen azken izendapena 2014ko maiatzaren 30ean egin zan. Gaur egun 49 dira (hamasei barriak kontuan hartuta) ohorezko euskaltzainak.
Labur-labur azalduta, honeek dira hamasei ohorezko euskaltzain barriak:
1. MIREN JONE AZURZA ARISTEGIETA. Donostian jaio zan, 1933ko maiatzaren 18an. Kazetaritza ikasketak egin zituan Madrilen, eta 1965ean atera eban titulua. Zeruko Argia-n hasi zan idazten, 1967an, eta 1969an zuzendari izentau eben. Euskal kazetaritza modernoaren aitzindarietako bat da.
2. ABEL MUNIATEGI ELORTZA. Ereñon (Bizkaia) jaio zan, 1942ko irailaren 30ean. Zuzenbidean lizentziaduna da (Deustuko Unibersidadea). Unibersidadeko irakasle eta Bizkaiko Foru Aldundiaren abogadu izatetik erretiroa hartuta dago. Bertsolaria izana, epaimahaietan be ibili da (1980 eta 1982ko Txapelketa Nagusietan), baita gai jartzaile be.
Ondoko aldizkari eta egunkarietan idatzi izan dau: Olerti, Goiz Argi, Arantzazu, Zeruko Argia, Anaitasuna, Jakin, Arbola, Deia. Ganera, Zenbat gera abesti ezagunaren berben egilea da. Euskaltzain urgazle 1987tik. Bertsogintza Bizkaian idatzi eban 1995ean.
3. ARANTXA URRETABIZKAIA BEJARANO. Arantxa Urretabizkaia Donostian jaio zan, 1947ko garagarrilaren 1ean. Euskal idazle eta kazetari ezaguna da. Zeruko Argia-n dazten hasi eta Lur argitaletxearen sortzaileetariko bat izan zan (1969). 2001ean, Rikardo Arregi Kazetaritza saria irabazi eban, eta 2017an, barriz, Euskadi saria jaso eban Bidean ikasia (2016) liburuagaitik, saiakera atalean. Elebarrigintzan jardun izan dau batik bat Urretabizkaiak (Zergatik panpox; Koaderno gorria; 3 Mariak...), baina olerkigintzan eta gidoigintzan be egin ditu lanak. Hondarribiko alardean emakumeek gizonen pare desfiletako eskubidearen aldeko burrukan nabarmendu da. Euskaltzain urgazle izentau eben 1983an.
4. AUXTIN ZAMORA DURRUTY. Senperen sortua, 1943an. Bost olerki liburu idatzi ditu. Hatsa Elkartearen sortzailea da, eta 1999tik Hatsaren Poesia olerki bildumearen argitaratzailea eta Maite ditugun olerkariak sail poetikoaren abiatzailea. Eskoletan olerkari gaztetxuen animatzailea eta Olerkarien Egunaren abiarazlea be bada. Ganera, Sarako, Etxalarko eta Senpereko etxe guztien datu geografikoak eta izenak batu ditu. 2018an Sarako Idazleen Biltzarrak emoten dituan sarietako bat jaso eban.
5. HENRI DUHAU. Beskoitzen sortua, 1942ko urriaren 9an. Alkarte askotan lanean ibilitakoa, artikulu ugari idatzi ditu han-hemen (Herria, Enbata, Ekaina, Otoizlari, Dantzariak, Denak Argian, Berria...). Liburuak be idatzi ditu: Euskal aditz batua (1996); Alegiak eta bertze neurtitzak (Adema-Zaldubi, Euskaltzaindia, 2010); Kantikak (Adema-Zaldubi, Euskaltzaindia, 2009) eta Hortzak izerdi (2015).
6. IZASKUN GASTESI ZUBELDIA. Gorritin jaioa, 1948ko irailaren 27an. Nafarroako ikastoletako irakasle aitzindaria (Nafarroan, lehen ikastolea 1965ean abiatu zan, eta Izaskun hurrengo urtean hasi zan irakasle). Erretiroa hartu artean, Iruñeko San Fermin ikastolan ibili da, azken urteetan LAB sindikatuan ikastoletako koordinatzaile be izan da.
7. JOSE ANTONIO ADURIZ ZABALA. Oiartzunen jaio zan, 1949ko zemendiaren 1ean. Frantziskotarra, UZEIko lexikografo izatetik erretiroa hartuta dago. Euskaltzain urgazle 1991tik. Abade ikasketez gan, Euskal Filologia ikasi eban. Lan gehienak alkarte edo erakundeetan integrauta egin izan ditu eta, ondorioz, bere izena gitxitan agertzen da autore legez. Euskaltzaindian, LEF egitasmoan lehenengo, eta gero Hiztegi Batua eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren zutabe nagusietako bat izan da, Miriam Urkiagaz batera.
8. JOSE MARIA REMENTERIA IBARLUZEA. Etxebarrian jaio zan, 1940ko apirilaren 23an. Abade ikasketak Arteagako eta Derioko Seminarioetan egin zituan; era berean, diplomaduna da Katekesian eta Teologian. 1970eko hamarkadan, Bilboko Eleizbarrutiko Katekesi Idazkaritzako kide izan zan, eta azken urteetan arduraduna. 1971tik gaur arte, Euskal Eleizbarruti arteko Katekesi eta Liturgia Batzordean lankide da. Elizen arteko Biblia-ren itzultzaile taldeko kidea be izan da. Besteak beste, honako lan honeek idatzi ditu: Aita Esteve Materreren Doctrina Christiana. 1623 (Labayru); Bizkaierazko Dotrinak (Labayru).
9. MARTXEL ANDRINUA LARIZ. Ziortza-Bolibarren jaio zan, 1930eko abuztuaren 18an. Pasionistea, Bilboko Eleizbarrutiaren Bizian Gora alkarteko kontseilaria izan da. Bizkaiko eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketetako epaile ohia. Euskaltzain urgazle 1961eko abuztuan. Aita Patxi (2000) eta Txikiak haundi (2004) liburuen egilea be bada.
10. PELLO ZABALA BENGOETXEA. Amezketan jaio zan, 1943ko bagilaren 2an. Fraide frantziskotarra, euskal idazlea, irrati aurkezlea, musikazalea eta meteorologo ezaguna da. Hainbat urtez ibili zan Euskadi Irratian, hasieran musika programa bat egiten eta ondoren eguraldiaren iragarpenak emoten, tartean bide tradizionalak eta tenporak kontuan hartuz. Kate berean, Klasikoak gaur irratsaioa aurkezten ibili da. Arantzazuko santutegian bizi da. Naturaren mintzoa: Egunez egun, sasoien gurpilean (2000) eta Zeruan zer berri: Arantzazuko talaiatik eguraldiari begira (2006) liburuak kaleratu ditu, biak Alberdania argitaletxeagaz.
11. SABIN SALABERRI URZELAI. 1934ko abuztuaren 20an jaio zan, Aramaion. Musikaria (konpositore, irakasle zein ikertzailea) eta irrati esataria da, eta bere lanetan leku nabarmena egin deutso beti euskereari. Besteak beste, 1968an Coro Araba Abesbatza sortu eta zuzendu eban. Euskal kantu barriak be sortu zituan. Liturgian euskereari ateak zabaldu jakozanean, Arabako ordezkari izan zan eleizbarrutietako komisinoan eta gogotsu jardun eban euskal musikea lantzen. 1988tik Arabako musika-irakaskuntzearen antolatzailea izan da. Erretiroa hartu eta gero Gasteizko Auditorium-a bultzatzen dabil.
12. TXOMIN SOLABARRIETA ETXABURU. Ondarroan jaioa, 1930ean. Abade egin ondoren, lanean izan zan Bizkaiko hainbat parrokiatan, alfabetatze-euskalduntze eskolak sustatzen, jantza taldeak sortzen, eta euskal antzerkia bultzatzen. 1978-1982 urteetan, Euskaltzaindiko irakasle taldeagaz andereñoentzako D eta B ikastaroak emoten ibili zan. Bizkaiko eleizbarrutiko itzultzaile ofiziala izan da urteetan (1978-1991). Bere ekarpen nagusia hiztegigintzan egin dau, Adorez taldeko kidea izan da hasieratik (1982-2018); talde honek 15 hiztegi argitaratu ditu. Aparteko lana egin izan dau itsas munduko lexikoa taiutzen, sinonimoak aukeratzen zein egokitzen, eta, batez be, Aditz Hiztegirako milaka esaldi prestatzen.
13. MANEX PAGOLA. Landibarren jaio zan, 1941eko bagilaren 28an. Pagola euskal idazle eta abeslaria da. Zazpiribai ikuskizuna sortu eban Ipar Euskal Herrian, eta gero Ortziken ikuskizuna. Kantagile ospetsua izan arren, disko bakar bi atera ditu, baina kantu askoren sortzailea da. Pantxoa eta Peio bikoteak abestu ditu Pagolaren kantu gehien, eta horreetako batzuk famatu bihurtu dira (Urtxintxak, Kanta aberria, Azken dantza...). Musikatik kanpo, herrigintzan eta politikan be ibili da. 1968tik 1972ra Enbatako kide izan zan, Seaska alkartearen sorreran parte hartu eban, Baionako Euskal Museoan langile eta zuzendariorde izan zan (1969-2000), eta Gure Irratiaren sortzaileetako bat be bai (1981).
14. JULEN URKIZA TXAKARTEGI. Ondarroan jaio zan, 1944ko apirilaren 1ean. Ikertzailea eta euskerearen sustatzailea da Urkiza. Besteak beste, Karmel aldizkaria zuzendu dau azken 35 urteotan, bertan 145 idazlan baino gehiago idatzi ditu. Beste aldizkari batzuetan be parte hartu dau, Olerki, Ondarroa, Arranondo, Egan, Hegats, Jakin eta Euskera. Hainbat euskal idazleren lanak batu, aztertu eta argitaratu ditu. Aldizkari eta egunkarietako euskal bertso eta olerkien bibliografia eta Frai Bartolome Santa Teresa idazlearen edizino kritikoa, Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzainarekin batera, be egin ditu.
15. MARI JOSE AZURMENDI AIERBE . Donostian jaioa, 1944an, Filologia Erromanikoan lizentziaduna. Doktorea Gizarte Psikologian eta katedraduna EHUko Psikologia Fakultadean. Beasaingo Alkartasuna Lizeoko lehen zuzendaria izan zan (1968-71), eta, ondoren, hainbat lekutan ibili da irakasle: besteak beste, Deustuko Unibersidadeko Filosofia eta Letrak Fakultadean; EHUko Psikologia Fakultadean (1983-2011) eta University of Nevada-ko Center for Basque Studies Ikerketa Zentroan. Horrezaz gan, BAT Soziolinguistika Aldizkariaren eta EHUko Ikerketa proiektuen zuzendaria izan da. 200 argitalpen inguru ditu eginak (artikuluak, kapituluak eta liburuak).
16. TXARO ARTEAGA ANSA. Donostian jaio zan, 1944ko maiatzaren 10ean. Kazetari ezaguna da Txaro Arteaga, eta 1963tik Donostiako Herri Irratian egin eban lan, hogeita bost urtez. EiTBn be ibili zan, 1980ko hamarkadan. Emakunde erakundearen zuzendaria izan zan 1989tik 2005era bitartean. Edozenbat ponentzia, berbaldi eta mahai-ingurutan parte hartu dau, Euskal Herrian zein atzerrian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!