Bardintasuna eta pentsamendu askatasuna aldarrikatuko ditue Merinalde Egunean

Bizkaie! 2018-06-07 09:38   Kulturea

Durango Merinaldeko udaletako alkateek manifestua sinatuko dabe Gerediagako Foru-zelaian, bagilaren 9an.

Datorren zapatuan, bagilaren 9an, Gerediaga Alkarteak Merinalde Eguna ospatuko dau Bizkaiko Batzar Nagusien eta Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren eskutik. Aurten, orain 400 urte, sorginkeria salaketak erabiliz eskualdeko agintariek ipinitako zigor neurriak gogoratuko dira eta ondorengoei kalteordain modura parkamena eskatuko jake; bardintasuna eta pentsamendu askatasuna aldarrikatuz manifestua sinatuko dabe Merinaldeko udal ordezkariek. Ekitaldia, Gerediagako Foru-zelaian egingo da eguerdiko 12:00etan.


Jantza, kontakizun eta aldarrikapenez osotuko da ekitaldiaren egitaraua

Basurtuko Beti Jai Alai jantza taldeak Jaurrieta jantzeagaz hasiko dau ekitaldia. Felix Arkarazo durangarrak gidatuko dauen ekitaldian, Nerea Mujika Gerediaga Alkarteko presidenteak, Aitor Lopez Amankomunazgoko presidenteak eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak egingo dabe berba. Orain dala 400 urte gertatutakoa gogoratzeko be tartea izango da, Maite Arrese aktorearen kontakizunari esker. Ekitaldiko momentu garrantzitsuena gizakien arteko bardintasuna eta pentsamendu askatasuna aldarrikatuz manifestua irakurri eta sinatzea izango da. 1875. urteko abenduaren 27ra arte Gerediagako Foru Zelaian batzen ziran Durangaldeko eleizateetako fidelen antzera, eskualdeko udaletako alkate eta udal ordezkariek parte hartuko dabe ekitaldi ofizialean. Amaitzeko, Durangaldeko jantza taldeetako kideek emakumezkoen soka-jantza egingo dabe.


Orain 400 urtekoa gogoratuz


Gerediaga Alkarteak orain 400 urteko sorginkeria-zigorrak gogoratu eta parkamen-eskari pubikoa egiteko aprobetxauko dau aurtengo Merinalde Eguna.

Eleizeak onartuta eukan Alonso de Salazar y Frias inkisidoreak Zugarramurdiko epaiketearen ostean egindako txostena eta sorginkeria gizarte ez jakintsu baten mito, bildur eta antzeko egoeren ondorioa zala autortu arren, Durangoko Merinaldeko agintariek ez zituen eleizearen korronte barriak jarraitu eta gizarteko uniformetasun sozial, politiko eta erlijiosotik kanpo egozanak zigortzen jarraitu eben. Azpimarratzekoa da, 1617. urteko irailaren 3an, Durangoko Merinaldeko fidelek (alkateek), Gerediagako Batzarretan batuta, sorginen kontrako neurriak hartu behar zirala erabagitea. Baina 1618ean, Astolako kartzelan sorginkeriaz salatutako azken emakumeak askatu zituen.

Informazino gehiago: Jon Irazabalek idatzitako Sorginen azken hegaldiaren itzalera liburuxkea (ekitaldian emongo jake bertaratzen diranei).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu