Bizkaiko itsasertzean plastikoak garbitzen ibiliko dira egunotan
2018-06-07 08:46 KultureaPlastikorik Bako Ozeanoen Nazinoarteko Egunagaz bat dator ekimen hau.
Goazanup alkarteak, bertoko eta atzerriko beste erakunde eta talde askogaz batera, ozeanoetatik plastikoak kentzeko deiagaz bat egin dau. Bihar, barikua, hasita, Bizkaiko kostaldeko hainbat gunetan ibiliko dira, modu guztiz boluntarioan, plastikoak eta antzeko hondakinak garbitzen. Alderdi bi landu nahi ditu alkarteak: Batetik, jakina, ahalik eta plastiko gehien batzea; bestetik, herritarren artean kontzientziazinoa zabaltzea.
Itsasora botatako plastiko-zati asko filamentu edo hari txikietan apurtzen dira eta kostaldetik hurreko ur azalean geratzen dira. Goazenup alkarteak azaldu dauenez, horrek kalte handia eragiten deutse animalia eta landarei.
Lehenengo hitzordua Barrikako hondartzan jarri dabe, barikuan, 18:00etan. Plastiko asko pilotzen dira hango marea arteko eremuan. Goazenupekoen arabera, hara heltzea gatxa da eta horregaitik ez da garbiketarik egiten; ganera, erakunde publikoek ahalegin txikia egin dabela salatu dabe. 2003tik itsasoko hondakinak garbitzeko kanpainak antolatzen dituan Amarratz Surf Taldeak bat egin dau jardunaldi horregaz.
Hilaren 9an, zapatuan, Plentziako itsasadarrean eta Butroe ibaian egingo dabe garbiketea, goizeko 10:30ean hasita. Gatika, Plentzia eta Barrikatik pasetan danean, botila, bilgarri eta plastiko-zati ugari hartzen ditu ur-korronteak eta, hortaz, 15 urte garbitzeko kanpainak antolatzen dabizan arren, lan amaiezina da hondakin guztiak kentzea. Lehorretik zein uretatik bertatik egingo dabe zapatuko garbiketea, sup taulak eta kayak txalupak erabilita.
Azkenik, domekan, bagilaren 10ean, Gorlizko hondartzan, itsasargian eta labarretan ibiliko dira, Ugari Sub Club taldeagaz alkarlanean. Batetik, oinez ibiliko dira hondartza eta pasealekuetatik, plastikoak batzen. Bestetik, txalupak eta sup taulak erabilita, uretan be lan egingo dabe.
Plastikorik Bako Ozeanoen Nazinoarteko Egunaren harira Goazenupek zabaldutako deialdi honegaz, bertoko erakunde eta talde ugarik egin dabe bat. Aitatutako Amarratz eta Ugari Sub Club-ez gan, Plentzia Piraguismo Taldea, Barrikako Piragua Taldea, Euskadiko Biologoen Alkargo Ofiziala eta beste asko dagoz laguntzaileen artean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!