Bertsolaritzea Kultur Intereseko Ondasun izentau dau Nafarroako Gobernuak

Bizkaie! 2018-06-06 13:35   Bertsolaritzea

Ondare materiabakoan, Nafarroako seigarren Kultur Intereseko Ondasun izendapena da bertsolaritzearena. 

Julio Soto. Argazkia: Eitb | Ikusi handiago | Argazki originala

Nafarroako Gobernuak bertsolaritzea Kultur Intereseko Ondasun izentau dau, ondare materiabakoaren kategorian. Holan jakinarazo dau Ana Herrera Kultura, Kirol eta Gaztedia kontseilariak Nafarroako Gobernuaren asteroko bilerearen ostean. Izendapena aurkezteko ekitaldia antolatu dau Gobernuak bagilaren 20an, 18:00etan, Nafarroako Museoan.

Ondare materiabakoan, Nafarroako seigarren Kultur Intereseko Ondasun izendapena da bertsolaritzearena. Nafarroako Gobernuak egin dauen bilkuran bertsolaritzea Nafarroako Kultur Intereseko Ondasun izentetea onartu dau. Ana Herrera Kultura, Kirol eta Gaztediko kontseilariak emon dau izendapenaren barri eta bertsolaritzea Nafarroako kantu inprobisatuaren adierazpiderik nabarmenena eta ondoen konserbautakoa dala adierazo dau. Ganera, bertsolaritzearen errotzea, komunidadearen babesa, eta transmisinoa nabarmendu ditu. Kultur Intereseko Ondasunaren izendapenak bertsolaritzea bizirik mantentzen lagundu nahi dau, kontrolautako eraldaketea ahalbidetuz.

Bagilaren 20an, izendapen honen aurkezpen ekitaldi publiko bat egingo da eta bertan, Ana Herrera Kultura, Kirol eta Gaztedi kontseilariak; Julio Soto bertsolariak eta Nafarroako egungo txapeldunak; Alfredo Asiain irakasleak eta ahozkotasunean adituak eta Gontzal Agote Nafarroako Bertsozale Alkarteko ordezkariak hartuko dabe parte. Ekitaldia edegia da eta amaitukeran bertso saio bat izango da Nafarroako Museoko atarian.


2011n hasitako prozesua

2011ko martiaren 25ean Nafarroako Parlamentuak, aho batez, Gobernuari bertsolaritzea Kultur Intereseko Ondasun izentetako prozesua hasteko eskatu eutson, ondare materiabako lez.

Ordutik, luze jo dau bertsolaritzea Nafarroako Kultur Intereseko Ondasun izentetako prozesuak. Gaia hainbat urtean geldi izan ondoren, 2016an barriro heltzea erabagi eban Nafarroako Bertsozale Alkarteak. Nafarroako Gobernuko Kultura Sailagaz hertu-emonetan jarri eta alde biek izendapen prozesua berraktibetako aukerea ikusi eben.

2017ko hasieran, Nafarroako Bertsozale Alkarteak izendapenerako eskaera ofiziala egin eban, horretarako, bertsolaritzeak herrialdean izandako eta dituan presentzia eta garrantzia batzen zituan txostena aurkeztuz. Bertan, bertsolaritzearen alderdi historiko eta etnografikoak, errotze mailea eta komunidadearen parte-hartzea, bilakaerea eta transmisino lana batu zituan Alkarteak.

Kultur Intereseko Izendapenerako espedientea Nafarroako Ondare Materiabakoaren Artxiboko zuzendari tekniko eta NUPeko irakaslea dan Alfredo Asiain etnolinguistearen beste txosten batek osotu eban.

Dokumentazino hori guztia aztertu ondoren, igazko irailean Nafarroako Gobernuak bertsolaritzea Nafarroako Kultur Intereseko Ondare izentauko ebala jakinarazo eban, horretarako behar diran baldintza guztiak beteten baititu.

Azkenik, Nafarroako Kultura Kontseiluak oneretxia emon eutson izendapenari, Nafarroako Gobernuak onartu aurretik

Ondare materiabakoaren arloan Nafarroak onartutako seigarren Kultur Intereseko Ondasun izendapena da bertsolaritzearena; aurretik, Lantz, Ituren eta Zubietako inauteriek, Hiru Behien Zergeak, Luzaideko Bolantek eta Cortesko makil jantzek jasoa dabe herrialdean ondare materiabakoak jaso leiken babes mailarik gorena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu