Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko alkateek bat egin dabe Euskaraldiagaz
2018-06-06 12:58 Euskerea berbagaiUriburuek, euskerearen lurraldeetako urigune nagusiek, gune eroso eta abegikorrak izan behar dabe euskerearen erabilerea bultzatzeko bidean.
Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko alkateek Euskaraldia: 11 Egun Euskeraz ekimenagaz bat egin eta euren apustua azpimarratu dabe uriburuak gune erosoak izan daitezan euskerearen erabilerea sustatzeko bidean. Juan Mari Aburtok, Eneko Goiak, Gorka Urtaranek eta Joseba Asironek aldarrikatu dabenez, uriek protagonista izan behar dabe hiztunen aktibazinoan. Donostiako Miramar Jauregian izandako ekitaldian esan dabenez, Euskaraldia sano lagungarria izango da helburu hori lortzeko: Uriburuek, euskerearen lurraldeetako urigune nagusiek, gune eroso eta abegikorrak izan behar dabe euskerearen erabilerea bultzatzeko bidean, adierazo dabe.
Euskaraldia abian jarteko bost hilebete baino gehiago falta danean, alkateek azpimarratu nahi izan dabe uriburuen garrantzia euskerea sustatzeko bidean, daukien garrantziagaitik eta lurralde osoan daben eraginagaitik. Eurekaz batera izan dira gaurko aurkezpenean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidentea. Ekitaldia Arrate Illarok, Euskaraldiko koordinatzaileak, gidatu dau, eta ingurune handien Euskaraldiaren aldeko apustua txalotu dau: Euskerearen erabileran pausuak emon nahi badoguz ezinbestekoa da uriak praktika barrietarako eremu eroso bilakatzea, izan be, Euskal Herriko populazino gehiena urietan bizi da edo urietara mobiduten da. Beraz, eguneroko ohiko harremanak zein harreman barriak urietan gertatzen dira. Gaur esan geinke 10.000 biztanletik gorako udalerri guztiek egingo dabela bat Euskaraldiagaz, adierazo dau Illarok.
Euskerearen uria
Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu dau errealidade sendoa dauela euskereak Gipuzkoako uriburuan, nahiz eta erabilereari jagokenez oraindino pausuak emon behar diran: Donostia Euskerearen uria da. Aspaldi emon jakon izendapen hori, eta orain berresteko moduan gagoz. Ganera, indarrez azpimarratu nahi dogu. Ezagueraz gabizela, errealidade sendoa daukagu; baina erabileran dago gure erronkea. Donostiako kaleetan euskereak badauka lekua, baina beste esparru, leku eta eremu guztietara hurreratzea da kontua: lantokira, jolas-parkera, gazteen lokaletara, kirolera... Bizitzearen harreman-sare guztietara, hain zuzen.
Ikuspegi horretatik, alkate donostiarrak Euskaraldiak egingo dauen ekarpena azpimarratu dau: 11 egun euskaraz. 11 zenbakia, gure hizkuntzan, ez da 10 + 1 bakarrik. Zenbaki mugabako bat be bada, asko, ugari adierazoten dauena. Hori da gure helburua. 10 + 1etik abiatu eta 11 mugabakora heltzea. Gora Euskaraldia!.
Uriak, ezinbesteko
Juan Mari Aburto alkateak azpimarratu dau Bilbok euskerearen alde egin dauen apustua, bai eta urigune nagusien garrantzia bere: Uriak funtsezko espazioak gara euskerearen erabilerea sustatzeko eta hiztunak suspertzeko. Horregaitik, Euskerea Sustatzeko Ekintza Planean buru-belarri gabiz beharrean Bilboko Udalean. Eta hiru helburu estrategiko honeek doguz: euskerearen transmisinoa, erabilera soziala eta hizkuntzearen kalidadea.
Alkateak nabarmendu dau uria gero eta leku egokiagoa izango dala euskerea erabilteko: Bilbo eta euskerea lotu-loturik dagoz. Neure konpromisoa agertu gura dot hemen, herritar guztiakazko konpromisoa, Bilbo euskerea erabilteko gero eta leku egokiagoa izan daiten eta, esangura horretan, Euskaraldia konpromiso argia da.
Bilakaerea Gasteizen
Gorka Urtaranek azaldu dau Gasteizek lan egiten dauela herritar bakotxa Arabako uriburuan bere hizkuntzan bizi ahal izateko; Udalak hizkuntzearen erabilerea eremu personalean, sozialean eta ofizialean sustatzen dau. Alkateak Gasteizen euskereak izan dauen bilakaerea be azpimarratu dau. 1981ean, euskaldunen ehunekoa urian % 3koa zan, eta ‘ia euskaldunena’ (hiztun pasiboak) % 11koa. Eustaten azken datuen arabera, 2016an, ehuneko horreek % 27ra eta % 20ra igon ziran, hurranez hurran. Denpora-tarte horretan euskaldunak eta ‘ia-euskaldunak’ 26.000tik 110.000ra igon dira. 20-24 urtekoen artean, erdiak euskaldunak dira; 15 urtetik 19 urtera artekoen artean, barriz, lautik hiru dira euskaldunak.
Gasteizen erronkea kalean erabiltea da. Kaleko azken neurketen arabera, alkarrizketen % 3,7tan erabilten da euskerea. Ganera, bilakaerea etenik bakoa da: Euskaraldia lako ekimenei etekina ateraten jakin behar dogu eta espero dot Euskadiko uriburua ‘Ahobiziz’ eta ‘belarriprestez’ beteta egotea, azpimarratu dau Gorka Urtaranek.
Gune erosoak sortuz
Azkenik, Iruñeko alkate Joseba Asironek azpimarratu dau urian egiten dabizen lana euskeraz berba egitea aldats beherea izateko, gero eta arnasgune gehiago egon daitezen eta horrek erabilerea ahalbidetu daian: Uriburuak ezinbesteko protagonista dira euskerearen erabilerearen sustapenean, eta horregaitik Iruñeak be euskerearen erabilerarako gune eroso eta abegikorra izateko konpromiso sendoa adierazo nahi dau. Alkateak nabarmendu dau Iruñeak euskerearen historian izan dauen garrantzia eta itxaropentsu berba egin dau etorkizunaz. Euskerea Iruñearen parte izan da bere sorreratik, eta XXI. mendeak itxaropentsu begiratzen deutso euskerearen etorkizunari Iruñean. Nafar erakundeek euskerea babesteko eta haren erabilerea sustatzeko apustua egin dabe, eta Iruñeko Udalak uriko hizkuntza ofizial bien alkarbizitza osasuntsua bermatzeko eta euskerea erabili ahal izateko gune erosoak ahalbidetzeko neurriak hartzen dago.
350 udal, momentuz
Arrate Illarok adierazo dau momentu honetan 350 udalerrik egin dabela bat Euskaraldiagaz; Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeagaz batera, Euskaraldian izango dira Iparraldeko uriburuak be: Baiona, Donibane Garazi eta Maule. Euskal Herri osoko 10.000 biztanletik gorako udalerri guztietan Euskaraldia antolatzeko lan-taldeak dagoz.
Kontuak kontu, zemendiaren 23tik abenduaren 3ra arte izango da abian Euskaraldia Euskal Herri osoko ehunka udalerritan. Ekimen honen helburua da hizkuntza ohituretan eragitea euskerearen erabilerea eta hiztunen aktibazinoa bultzatzeko. Euskaraldiaren helburua da 11 egunez euskerea era aktiboagoan erabiltea ariketa horrek 12. egunetik aurrera eragina izan daian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!