Europak Ikerbasque saritu dau ikerketa arloko talentua erakarteko egiten dauen lanagaitik
2018-06-06 08:59 KultureaIkerbasque da orain arte HRS4R Excellence in Research saria barritzea lortu dauen euskal erakunde bakarra.
Ikerbasquek Europako Batzordeak emoten dauen HRS4R Excellence in Research zigilua barritzea lortu dau ikertzaileak erakarteko darabilen estrategiagaitik. Hauxe da orain arte zigilu hori barritzea lortu dauen lehenengo euskal erakundea, eta bakarra. Bagilaren 18an, saria emoteko ekitaldia izango da Bruselan, Europako Batzordeko egoitzan, hain zuzen be.
Europako Batzordeko Ikerketa eta Barrikuntzako Zuzendaritza Nagusia arduratzen da, ikertzaileen hautaketa, kontratazino eta sendoketeari jagokozan Europako erreferentziazko erakundeak autortzeko sari hori emoteaz.
Europako Batzordeak abiarazotako Ikerketako Giza-Baliabideen Estrategiak honako helburu honeek ditu: Europan talentua erakarri, mobikortasuna sustatu, ikertzaileen mesedeko lan-giro ona bermatu eta enplegua eta hazkunde ekonomikoa bultzatu, lan-merkatu lehiakorra, gardena eta edegia finkatuz.
Ikerbasquek orain arte egindako lan bikainagaitik irabazi dau oraingo saria, Batzordearen txostenaren arabera, eta honek erabateko autorpena ekarri deutso, ebaluazinoaren zorroztasunean, jokabideari buruzko kode etiko zorrotz baten jarraipenean eta talentua erakarteko prozesu osoaren hobekuntzan oinarritua, pertsonal zientifikoa erakarteko darabilen estrategia eta politikeari.
Aintzatespen honen harira, Ikerbasquek Unibersidade eta Ikerketa Zentroen ordezkariak batu ditu Bilbon, Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazinoagaz (FECYT) batera, Euskadin HRS4R Estrategia ezarri eta HR Excellence in Research Logoa jaso nahi daben erakundeei tailer informatiboa eta praktikoa eskaintzeko asmoz, prozesua era koordinatuan hasi deien konbita eginez, indarrak batuz eta planak atondu eta aurkezteko behar daben denporea laburtuz.
Ikerbasque Eusko Jaurlaritzeak ikerketa zientifikoaren alde egindako apustuaren eta autonomia-erkidegoko administrazinoek, unibersidadeek eta enpresek orain dala urte batzuk gauzatutako aliantzearen emoitzea da. Euskadi I+G+b arloko potentzia garrantzitsuenen artean kokatzeko ahalegin horretan lagundu guran, ikerketa arloko talentua erakarteko gunea izatea da Ikerbasqueren jardunaren ardatz nagusia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!