Ikerkuntzearen emoitzak gizarteratzearen alde egin dau Enrique Echeburuak

Bizkaie! 2018-06-06 08:54   Kulturea

2017ko Euskadi Ikerkuntza Saria emon deutso Iñigo Urkullu Lehendakariak Gasteizen.

Cristina Uriarte, Enrique Echeburua eta Iñigo Urkullu (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Enrique Echeburua Psikologia Klinikoko Katedradunari emon deutsie 2017ko Euskadi Ikerkuntza Saria, Gasteizen egindako ekitaldi baten. Iñigo Urkullu Lehendakaria, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Eusko Jaurlaritzako beste ordezkari ugari be egon dira ekitaldian. Sariak ikerkuntza zientifikoa bultzatzea eta autortzea dau helburu. Urte bakoitietan, Gizarte-Zientzietan eta Humanidadeetan egiten da deialdia; urte bikoitietan, Zientzia eta Teknologia arloko profesionalen lanari begiratzen deutsie.

Echeburuak esker onez hartu dau Euskadi Saria, ikerkuntzeari eskainitako bizitza oso bati egindako autortzea dala uste dauelako. Psikologiaren alorrari eta horregaz lotutako lanbideei bultzadea emongo deutse sariak, Gasteizko ekitaldian adierazo dauenez. Bere burua oraindino ilusinoz ikusten dau Echeburuak, eta proiektuak martxan ditu.

Ikerkuntzearen bidea ez da artikulu zientifikoak argitaratzean amaitzen, Echeburuaren ustez. Kontrara, zientziaren emoitzak eta aurkikuntzak gizarteratzea ezinbestekoa dala dino: Ezagutzearen transmisinoa eta ikerkuntzearen eragin soziala izan dira nire jarduerearen motoreak.

Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu dau Enrique Echeburua aitzindaria eta nazinoarteko erreferentea dala bere arloan, gaurkotasun handiko gizarte-gaietan bidea zabaldu dauelako, esate baterako, indarkeria sexistearen eta joko-adikzinoen atalean. Ganera, ikerkuntzeari aplikautako barrikuntzan be aitzindari dala dino Urkulluk, eta Jaurlaritzearen programa askoren oinarrian Echeburuaren lana egon dala azaldu dau.

Enrique Echeburua Donostian jaio zan 1951n. Madrilgo Complutense Unibersidadean Psikologian Doktorea da, eta Psikologia Klinikoko Katedradun EHUn. Ikerketak EHUren Psikologia Fakultadean egin ditu, garrantzi sozial handiko gaiei aplikauta: bikotekidearen kontrako indarkeria, sexu-erasoak, jokorako adikzinoa eta substantzia bako adikzinoak, eta ansiedade-nahasmenduak.

Arlo horreetan egin dauen lanari esker, nazinoarteko argitalpenak, liburuak eta doktore tesiak jaio dira. Sari ugari be jaso ditu Echeburuak: Jokabide-terapien Ikerketarako Zentroaren ikerketa saria (Madril, 1990), Psikologoen Alkargo Ofizialaren ikerketa saria (Madril, 1994) eta abar.

Bikotekidearen kontrako indarkeria kasuetan laguntzino psikologikoa emoteko Eusko Jaurlaritzearen, Emakunderen eta foru aldundien artean itundutako hainbat programa abian jartearen ardurea izan dau Echeburuak. Sexu-erasoak jasan eta Justiziaren aurrean agertu behar izaten daben umeei babesa emoteko protokoloa be bere ardurapean sortu da.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu