Euskeraz eroso berba egiteko guneak eskatu ditu Behatokiak

Bizkaie! 2018-06-05 13:48   Euskerea berbagai

Hizkuntza eskubideen alorrean 2017an egondako urraketa zein aurrerapausuak txosten baten batu ditue.

Iruñean egin dabe aurkezpena (argazkia: Behatokia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Hiztunen eta erabiltzaileen ekarpenetan oinarrituta, 2017ari jagokon Hizkuntza Eskubideak Euskal Herrian txostena plazaratu dau Hizkuntza Eskubideen Behatokiak. Erakunde horretako ordezkari Arantza Haranburuk eta Edurne Arrizibitak emon dabe lan horretan jasotako datu nagusien barri, Iruñean egindako agerraldian.

Txostenean batutako jazoerak ikusita, euskaldunontzat eroso sentiduteko guneak sortu beharra aldarrikatu dabe, euskeraz bete-betean bizi ahal izateko bidean aurrerapausua litzateke eta. Igaz, administrazinoen kontratazino politiketan aldaketa sakona eskatu eban Behatokiak eta horregaz lotuta dago zirkuituon sorrerea.

Euskaldunentzako eremu edo zirkuitu eroso horreek tarteko proposamena izan leitekezala uste dau Behatokiak, administrazinoa guztiz euskaldundu bitartekoak. Donostiako Ospitalean abian ipini daben esperientzia eredutzat jo dabe.

Herritarrek Euskerearen Telefonoaren eta Akuilari aplikazinoaren bidez jakinarazotako bizipenak dira txostenaren abiapuntua. Euskeraz bizi nahi daben herritarren bizipenak dira hizkuntza-eskubideen egoerearen neurgailurik egokiena, dino Haranburuk. Urterokoa barriro esan beharrean gagoz gaur be, Euskal Herriko eremu administratibo guztietako zerbitzu publikoetan zein pribaduetan, idatziz eta ahoz, hutsune handiak topau ditue euskeraz bizi nahi daben herritarrek.

Hizkuntza eskubideak bermatzeko orduan, administrazino publikoetako beharginen arloa euskalduntzea ezinbestekoa dala gogoratu dau Haranburuk: Administrazinoek ezin dabe herritar guztien aukera bardintasuna bermatu artatzen dauen langileak euskeraz ez badaki. Egoerea kroniko bihurtzen hasi da Behatokiaren ustez, eta bestelako hizkuntza-politikak egiteko beharra mahai ganean jarri dau.

Txostenaren aurkezpena Iruñean egin daben ezkero, Nafarroako egoerea sakon jorratu dabe Behatokiko ordezkariek. Euskerearen Lege barria beharrezkoa dala agirian geratu dala uste dabe Haranburuk eta Arrizibitak, herritarren eretxiak ikusita. Zonifikazinoak Nafarroako euskaldunentzat dakarren kaltea be nabarmendu dabe.

Txostenean, hobetu beharreko eremuak ez eze, egindako aurrerapausuak be badatoz. Esate baterako, erdera hutsean egon diran kartelak, Behatokiaren bitartekaritzeari esker, hizkuntza bietan ipini diranean, edo euskerazko karteletako hutsak konpondu diranekoak.

2017ko Hizkuntza Eskubideen Txostena osorik irakurri, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu