Bizkaierea ardatz, XI. Klasikoen Irakurraldi Jarraituan
2018-06-04 14:04 Euskerea berbagaiEguenean irakurriko dabe Txomin Agirreren Kresala, eta Kirmen Uribek beteko dau lehenengo txandea.
Bilbo Zaharra euskaltegiak urtero antolatzen dauen Klasikoen Irakurraldi Jarraitua eguenean, hilak 7, egingo dabe, Arriaga antzokian. Txomin Agirre ondarrutarraren Kresala eten barik irakurriko dabe 400 lagun inguruk, txandaka. Tartean, euskaltegiko ikasleak, irakasleak, euskalgintzako kideak, erakundeetako ordezkariak eta kultura arloko persona ezagunak egongo dira.
Kirmen Uribe idazleak irakurriko dau lehenengo txandan. Agirreren Kresala eta Uriberen Bilbao-New York-Bilbao alkarri lotutako nobelak dirala azaldu dau Bilbo Zaharrako Pedro Alberdik, bigarrena lehenengoaren jarraipen moduko bat dala dino, ehun urte geroagokoa. Kirmen Uribek adierazo dau sarri berrirakurten dauela Kresala, batez be udan.
Balore tradizionalak zabaltzen dituan liburua eta larregizko foiletoia dala aipatzen izan da askotan Kresala-ri kritikea egiteko. Kirmen Uriberen ustez, obrea bere kontestuan ulertu behar da: Euskal irakurleak erakarri nahi zituan, orain dala ehun urte, eta bide hori aukeratu eban. Euskerazko best-seller bat egitea zan Txomin Agirreren asmoa, neurri baten.
Pedro Alberdik azaldu dauenez, aurtengo irakurraldirako Kresala aukeratzeko arrazoietako bat saltoa egiteko gogoa izan da. Igaz, Itxaro Bordaren % 100 Basque irakurri eben eta, aurten, ehun urteko saltoa egingo dabe, eta alderdi geografikoan, Nafarroa Beheretik Bizkaira etorri dira. Bizkaierazko liburu bat bigarrenez izango da Irakurraldiko protagonista, orain dala urte batzuk Mogelen Peru Abarca aukeratu eben.
Hortaz, egueneko ekitaldia bada bizkaiereari egindako errekonozimendua be. Euskal literaturan Bizkaiko euskereak izan dauen lekua erakusteko bidea izango da. Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendariaren esanetan, bizkaiera eta batua, biak goratzen ditu ekimen honek.
Pedro Alberdik jakitera emon dauenez, Sakela izeneko aplikazinoa sortu dabe, telefono mobiletarako, eta hantxe ikusi leitekez Kresala-n Txomin Agirrek erabilten dituan berba bereziak, hiztegian agiri ez diranak. Ganera, teknologia barriei esker, mundu guztiko euskal etxeetako ordezkariek parte hartuko dabe irakurraldian.
Arratsaldeko 19:00ak inguruan amaituko dabe egueneko irakurraldia, eta Gaztedi taldearen erromeria egongo da Arriaga plazan. Holan, ekitaldiari osotasun bat emongo deutsagu, dino Alberdik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!