Hur Gorostiagak egoerea baltz ikusten dau
2018-06-04 07:55 Euskerea berbagaiEgunotan, konzentrazinoak eta aldarriak ugari izan badira be, Seaskako arduradunak eta Peio Joraruria idazle eta kazetari lapurtarrak baltz ikusten dabe egoerea...
Senpere aldean, picinic-konzentrazinoa egin dabe astegoienean Seaskako ikastolek bizi daben egoerea salatzeko. Egun, Finantza ministroaren bigarren egoitzearen aurrean gara, edo kasik. Etxe ederra Le Maire jauna! Euskal Herriko gazte anitzek nahiko leukie holako etxe bat, ez bigarren egoitza legetxe, bizilekutzat baino. Baina gaur zu ikusten etorri bagara, Finantza eta Ekonomia ministro zarlako da.
Frantziako aurrekontuan, ez ei dozue kontuan hartu Seaska, Diwan, Calandreta, Bressola eta ABCM eskolek bizi dogun garapen etenbakoa. Datorren urterako ez ei dago gehiago posturik. Eta ondoko hiru urteetan be ez ei dozue posturik sortuko gure sareetan.
Zertan bilakatzen doa gure gizarte gaixoa. Gure umeen hezkuntzea, Pariseko bulegoetako finantza arduradunen esku ixten dogu. Baina jakizue ez dogula sekulan gure herriaren geroa, hezkuntza gastu bat lez ulertzen dabenen esku itxiko.
Kortsikan, Bretainian edo beste eskualdeetan zein Euskal Herrian, Emmanuel Macronen helburua tokiko hizkuntzak suntsitzea baita. Baina lehenagokoek lortu ez dabena, ez dozue zuek be lortuko. Aurrekontuena argumentu faltsu bat baita. Hasieran, 0, gero 4 postu eta orain 5'5. Bost postu izango doguz datorren ikasturtearen hasieran, eta nahikoa dogula dinozue. Adibide sinple batzukaz erraz ulertuko dozue, ulertu nahi ez dozuena.
Lizeoan Bigarrenean ez daitezen geletan 38 ikasle edo gehiago izan, beste Bigarreneko gela bat edegi behar dogu. Profesionalean, Bigarren Komertzioa eta Lehen Soziala edegiko dituala esan deusku errektoreak. Beraz, lizeoan 3 postu beharrezkoak dira. Baionako kolegioan Laugarrena edegiko dogu, eta Bostgarreneko gela bat gehiago, ez daitezen geletan, 40tik gora ikasle izan. Hor be, beste 3 postu. Beraz, Lizeoan 3 eta Bainoako kolegioan beste 3 = 6 postu!. Bost postu baino gehiago ezinbestekoak doguz, ikastola bitan bakarrik. Zer egingo dogu, beraz, beste 34 ikastolakaz? Zer egingo dogu ikastola guzietara heldu diran 230 ikasle gehiagogaz?
Ez da interpretazio kontua Barriere jauna. Ez da borondate kontua Dugrip jauna. Datorren ikasturte hasierea ezin dogu egin 5.5 postugaz, ezinezkoa da! Hori ondo baino hobeto badakizue Blanquer, Le Maire, Edouard eta Macron jaunak. Beraz ez dau balio zifrakaz olgetan ibiltea! Ez dau balio gizurretan ibiltzea Barriere jauna !
Ez da gehiago Seaska eta Hezkuntza ministerioaren arteko arazo bat. Ministerioak Seaska eta Euskerearen Erakunde Publikoagaz izenpetu hitzarmena ez betez, Euskal Herria eta Estaduaren arteko arazoa bilakatzen da. Estaduak Euskal Herria ez dauela errespetetan inoan Jean René Etxegarai Euskal Alkargoko lehendakariak Herri Urratsen. Jakizue, Estaduak Euskal Herria eta euskerea errespetau arte burrukatzeko prest garela.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!