Ibai Ayerza: 'Transmitidutea bada kontua, euskeraz hobeto nabil'
2018-06-04 08:00 BarriketanDekot taldeko abeslaria.
Demak izeneko disko barria aurkeztu dau oraintsu Dekot talde bizkaitarrak eta zuzenekoakaz be hasita dagoz honezkero.
2014. urtean, Ibaik sortu eban Dekot Ane, Ibon eta Janire batuta. Aurrerago, kontzertuak bertan behera itxi barik euren lehen EP-a grabau eben Magix Box estudioan, 2016an. Urte berean, Gaztea Maketa Lehiaketea eta Ebroemergentes irabazi eta Bilbo Uria Lehiaketan bigarren fasera pasau ziran. Udan Foals eta Courtney Barnetten teloneru izan ziran Bilbao BBK Liven eta Ebrovision jaialdian be jo eben.
2016 urtearen amaieran, Anek eta Janirek taldeari agur esan eutsien arren, entsegu eta jente barria batzeko prozesuak tarteko, Ibaik abestiak sortzen jarraitu eban; taldearen laguntzaz lokalean hobetu eta taldeari egitura barria emon eutsien Jon Corres sartuta. 2018ko martian, barriz, Haritz Harreguygaz lehen lana argitaratu dabe: Demak.
1.- Demak diskoa aurkezteko kontzertuak emon dozuez oraintsu Bermeon, Oiartzunen eta Bilbon. Zelakoak izan dira esperientziak?
Esperientzia sano positiboak, pozik igarri dogu jentea eta oraindino gu geu be moldatzen, ohitzen gagozan arren formazino barrira eta pozarren gagoz. Jenteak ondo erantzun dau, emoitza batzuk be hartu doguz eta, berbarako, kontzertu gehiago sortuko jakuzala aurreratuko deutsut.
2.- Musika elektronikoa, esperimentala, alternatiboa da egiten dozuena ala beste etiketaren bat erabiliko zeunke?
Etiketak izeneko abestia daukagu eta egia esan, etiketak jarteko ardura horren kontrako aldarria da eta ez gara asko arduratu inoiz gure musikea sailkatzeaz. Alternatibo berbea komodin moduan erabilten da askotan eta, akaso, horrexegaz geratuko gara. Elektronikoaren kutsurik, barriz, ez daukagula esan behar deutsut.
3.- Lar esatea ez bada, zeu zara Dekot taldearen sortzailea. Zer zeunkan buruan taldea sortzea okurridu jatzunean?
Proiektu ezbardina gura neban egin, barrura horrenbeste begitu barik, euskal musikea baztertu barik baina Inglaterran orain pare bat, hiru urte egiten zan musikea oinarri hartuta. Modu sinplean, gurean lar entzuten ez zan musikea sortzea zan asmoa.
4.- Marurin dozue egoitzea zuok eta Belakoren topagune Birle be ez dago oso aparte. Zer dauka inguru horrek?
Beti egon da Mungialdean aparteko indarra. Oraintsu, alternatiboaren bidean dabizen talde gehiago be badagoz,batek jakin bihar-etzi zer pasauko dan. PiLT be ezin ahaztu...
5.- Kantuak ingelesez ala euskeraz? Ze gai darabizue kantuotan?
Ingelesa baztertu barik, erosoago sentiduten naz euskeraz abesten eta diskoan zein oholtzan transmitudutea bada kontua, eroso egotea nahitaezko baldintzea da eta hor ez daukat dudarik, euskeraz hobeto nabil, gustorago. Hizkuntzea medioa, bitartekoa besterik ez da.
Kantuei jagokenez, danetarikoak dagoz eta sano desbardinak, gai ugari erabili dogu nahiz eta antzeko arlokoak izan; batez be kritikea nabarmentzen da kantuotan, etiketei, bullying-ari, itxurakeriari, barruko hasunarketa abstraktuak, taldeak bizitako esperientziak, arriskuak hartu eta aurrera egitea, hirugarren aldiz zerotik hastea eta holako burutazinoak.
6.- Orain urte bi neska bi egozan taldean, Ane eta Janire. Talde mistoen sasoian bizi gara? Ze ekarpen dakar emakumeen ahotsak?
Ekarpen handia, oso positiboa da talde mistoen ugalketea. Mutilen monopolioa desagertzen doa zeozelan eta oso interesgarria da eszenan, oholtzan emakumeak be agertu eta protagonismoa hartzea, ez da seinale txarra. Sexua edozein izanda bere, aberasgarria da ikuslearentzako, ekarpena bardin-bardin egin leike mutil batek zein emakume batek.
7.- Gaur egun hiru zarie taldean, Ibai, Iban eta Jon. Nozonoz ikusiko dogu emakumerik Dekot taldean?
Hirurok ondo konpontzen gara baina egia da barriro Dekot osotzen hasi nintzanean, baneukala asmoa hasierako formazinoari eusteko beste izen batzuekaz baina gauzak holan etorri dira eta pozik gagoz. Halan da be, atea ez dogu zarratu.
8.- Dekot taldearen hasierako lorpenen artean Gaztea Maketa Lehiaketea eta Ebroemergentes irabazi eta BBK Liven jotea nabarmendu daitekez baina gaur egun zelan dago taldea?
Ondo. Bilakaera bi izan ditu Dekot taldeak; batetik, formazinoa, hizkuntzearen kontua, taldearen pasinoa, hasieratik gaurdaino indarrean eta, bestetik, musikatik aparteko kontuak, managementa eta bestelako lan batzuk, autoprodukzinoa...
9.- Demak diskoaren promo orrietan irakurri doguz: Talde honek ez dauka idearik marketingaz ezta modaz be. Ez dira enterau musika alternatiboan sinteen garaia dala lakoak. Ze gogoeta egin zeinke?
Bai, ez neuke esan beharko baina neuk idatzitako testua da aitatutako hori. Autoprodukzinoa izan da diskoa eta grabazinoa, kudeaketea eta promozino prozesuak ikasten joan gara eta geure buruari egiten deutsagun kritikea da ez dakigula non sartu garen. Musikariaren ardurea, artea bada, non dago sano garrantzitsua dan beste arlo hori, diskoetxearen lana, lege kontuak estetikea eta bestelako ardurak... Aldaketa guztiak gorabehera, hemen gagoz, indartsu eta aurrera egiteko gogoz. Gura izan doguna, presino barik egin dogu lan eta hori ez da gitxi.
10.- Haritz Harreguy izan da zuon produktorea. Zelan konpondu zarie?
Itzel. Euskal musikan esperientzia handikoa da Haritz eta hamarkada batzuetan bere izena eta izana hor dagoz. Aspaldi pentsau genduan Haritzegaz lan egitea, talentu handiko personea da eta oso gustora geratu gara. Haritzen ekarpena argitasuna da, gauza gehiegitan nahastau barik, zuzenean emoteko barruan dogun guztia.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!