Hiru ibilbide historiko, Foru Aldundiaren udako programan
2018-06-01 12:44 KultureaZin-bidea da aurtengo nobedadea.
Uda guztietan Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen dauen Ibilbide Historikoak programearen barri emon dau Lorea Bilbao Kultura diputaduak, beste hainbat eragilegaz batera egindako agerraldian. Oinez egiteko hiru ibilbide gidatu dakarz 2018ko egitarauak eta irailekoa izango da barritasuna: Bilbotik Bermeora bitarteko Zin-bidea, hiru etapatan egitekoa. Beste biak Malmasin eta Urdaibaiko txangoak izango dira.
Lorea Bilbaoren arabera, Ibilbide Historikoak Bizkai osora zabaltzea da Foru Aldundiaren helburua: Guzti-guztiok balorau daigun gure lurraldeko altxor parebakoa jagotearen eta aintzat hartzearen garrantzia, adierazo dau. Kulturea zabaltzeko proiektua da, ezagutzea eta ikertzeko beharra sortzen daben leku historikoak ikusgai jarten dituan ekimena.
Udako sasoian egiteko aproposak dira atondutako hiru proposamenak. Malmasingoa bagilean izango da, asteburu honetan bertan hasita; Urdaibai Bidea garagarrilean eta abuztuan egingo dabe; azkenik, Zin-bidea irailerako laga dabe. Euskeraz zein gaztelaniaz izango dira bisitak eta aurretik erreserbea egin beharko da: 688 856 689 telefono zenbakian edo ibilbideak@bizkaia.eus helbide elektronikoan.
Aurtengo barritasunari, Zin-bideari jagokonez, Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu dau hiru etapatan egingo dabela. Bizkaiko jaunek foruak zin egiteko egiten eben bidea agertzea da asmoa; izan be, Erregimen Zaharreko Bizkaiaren bizimodu politiko eta sozialerako funtsezko jazoerea zan zin-egite hori.
Etapa bakotxa sei ordu inguruan egingo dabela aurreikusi dau Foru Aldundiak, lau oine, eta beste bi gidarien azalpen historikoak entzuten. Autobusez eroango ditue parte-hartzaileak hasierako puntura, eta bueltarako bardin.
Lehenengo etapan Bilbotik Larrabetzura joango dira, bigarrena Larrabetzu eta Gernika-Lumo bitartekoa izango da eta hirugarrenean, Gernikatik Bermeora bitarteko bidea egingo dabe. Bizkaiko jaunek foruak zin egiteko bidean egiten zituen geldialdiak azalduko ditue, hainbat baseleiza eta herritatik pasetan ziran eta.
Malmasin ibilbidean, ostera, Arrigorriaga eta Basauri inguruko baseleiza bi izango dira ardatzak: Abrisketako San Pedro eta Finagako San Martin. Bide batez, Malmasineko gotorlekuaren aztarnak be ikusiko ditue. Kasu honetan, parte-hartzaileek aukeratu egin leikie, bisitaldia autobusez ala oinez egin. Irakurri gehiago hemen.
Urdaibaiko Ibilbide Historikoa, barriz, aurreko udetako programan oinarrituko dabe. Busturialdeko antxinako aztarnak bisitauko ditue: Arrolako oppidum-a Arratzun; Foruko herri erromatarra; Tribisburuko nekropolia Bermeon eta Busturian; Ereñozarreko gaztelua; eta Katillotxuko estazino megalitikoa Mundaka, Sukarrieta eta Busturia artean.
Ibilbide Historikoak egitasmoaren inguruko datu eta argibide guztiak ondorengo eskuorrietan batu ditu Foru Aldundiak:
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!