Euskal Herriko 85 erakunde baino gehiagok bat egin dabe Euskaraldiagaz

Bizkaie! 2018-05-31 12:07   Euskerea berbagai

Euskaraldiak erantzun ona izan daian, hainbat bidelagun behar ditu. Hiztunak suspertzeko lagunak behar doguz, eta gaur geugaz dagozan erakundeek norabide horretan lagunduko deuskue.

Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa sozialari atxikimendua emon deutsien 85 bat erakundeetatik 55 baino gehiagoko ordezkariek agerraldia egin dabe Gasteizko Oihaneder Euskerearen Etxean. Berba egin dabe: Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Arrate Illaro, Euskaltzaleen Topaguneko kide eta Euskaraldiaren koordinatzaileak, Ignacio Lekunberri, Mutualiako gerenteak, Jose Maria Eizagirre, Fagor-eko lehendakaritza batzordeko ordezkariak eta Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendariak.

Miren Dobaran sailburuordeak erakundeen konpromisoaren garrantzia azpimarratu dau: Euskaraldiak erantzun ona izan daian, hainbat bidelagun behar ditu. Hiztunak suspertzeko lagunak behar doguz, eta gaur geugaz dagozan erakundeek norabide horretan lagunduko deuskue. Herritarrek erakundeei lotuta egiten dabe euren egunerokoa: alkarteetan, enpresetan, kirol alkarteetan, aisialdi taldeetan... Eta Euskaraldiagaz bat egin daben erakundeek ekimena zabaltzen eta sustatzen laguntzeko konpromiso argia hartu dabe.

Arrate Illarok laburbatu ditu gakoetako batzuk: Euskaraldiko erakunde sustatzaileek herritarrei bidea erraztuko deutsee euren eremuan Ahobizi eta belarriprest lez hizkuntzearen erabileran urratsak emon deiezan. Horretarako ekimenaren zabalkundea egin, kideak aktibau, eta ariketea egiteko baliabideak eskainiko deutseez.

Ignacio Lekunberrik inguruari erreparau deutso: Gizarte batean bizi diran enpresek gizarte horretan erabilten dan hizkuntzea erabili behar dabe'. Jose Mari Izagirren berbetan horren adibidea: langile asko eta askorentzat Fagor da eurek euskeraz egiteko daben espazio bakarra, eta hori jakinda, arrazoi gehiago doguz Fagor eskualde moduan ulertu eta gure lantokietan Euskaraldia antolatzeko.

Bestetik, alkarlanaren garrantzia azpimarratu dau Izaskun Landaidak: Euskaraldia batasun eta alkarlan horren adierazpen bat da. Danak batera helburu berari eusteko. Emakundek Euskaraldia babesten dau, eta Euskaraldian agente aktibo izan nahi dogu, izan be, erakunde publikoek erantzukizun berezia dogu euskerearen erabilerearen sustapenean. Ahobizi izan nahi dogu, herritarrei lehen berbea euskeraz eginez. Eta Belarriprest izan nahi dogu geugana herritarrak be euskeraz hurreratzea sustatuz. Emakundek azken urteotan ahalegin bereziak egin ditu euskerea lan hizkuntza bihurtzeko, eusle metodologia erabili eta ikusi dogu inertziak aldatzea benetan posible dala eta horregaitik sinisten dogu Euskaraldiaren eraginkortasunean.



Euskerearen erabilereari jagokonez, herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko helburua dauen ariketan parte hartzeko Euskal Herri osoko 350 herritik gora emon dabe izena eta erakundeen artean 85 baino gehiago dagoz. Egunez egun gero eta herri eta erakunde gehiago doaz ekimenera batzen, beraz, hazten jarraituko dauen zerrendea da.  

Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa sozialaren helburua herritarrak badira be erakundeen zeregina garrantzitsua izango da, izan be, herritarren bizimoduari lotuta dagoz eta erakunde publikoetan, euskerearen gizarte erakundeetan zein bestelako enpresa eta erakundeetan hizkuntzearen aktibazinoa bermatzeko, inguru abegikorrak sortzea funtsezkoa da.

Euskaraldiagaz bat egin daben erakundeen zerrendea ikusteko klik egin hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu