Lorenzo Silva saritu dau 48. Bilboko Liburu Azokeak

Dabi Piedra 2018-05-30 13:50   Kulturea

Maiatzaren 31tik bagilaren 10era bitartean egongo dira erakusmahaiak Arenalean.

Lorenzo Silva, Bilbon Zidarrezko Lumea alboan dauela | Ikusi handiago | Argazki originala

Espainierazko gaur egungo literaturan leku nabarmena egin dauen Lorenzo Silva madrildarrari Zidarrezko Lumea emon deutso Bilboko Liburu Azokeak, 48. edizinoa aurkezteko egindako ekitaldian. Iñaki Lopez Aguileta Bilboko Udaleko Kultura arloko ordezkariak emon deutso saria, antolatzaile guztien izenean. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñoz eta liburu-saltzaileen alkarteko Kepa Torrealdai be agerraldian izan dira, Asier Muniategi azokako arduradunagaz batera.

Idazle ospetsu bihurtu aurretik denpora batez Bilbon bizi izan zala azaldu dau Lorenzo Silvak. Hori dala eta, pozarren etorri da saria hartzen, Bilbon beti harrera ona egiten deustie. Zidarrezko Lumea eskuetan dauela, irakurketearen balioaren ganeko berbalditxua emon dau Silvak. Irakurketea bada alkarbizitzea eregiteko bidea be, zibilizazinoaren babesleku da, azpimarratu dau. Bilbon eta beste leku askotan egiten diran liburu azokak beharrezkoak dirala uste dau: Alkartrukerako eta arerioen arteko alkarlanerako eremuak dira.

Kepa Torrealdaik, bestetik, Bilboko Arenalean egoten dan giro literario ona nabarmendu eta herritar guztiei dei egin deutse bertatik osterea egin deien. Azken nobedade literarioak ezagutzeko ez eze, irakurlearen eta idazleen arteko hartu-emonak sendotzeko helburua be badauka Liburu Azokeak, irakurleek kontaktu hori eskertu egiten dabe. Lorenzo Silvak baieztapen horri bere ganeratu deutso idazleek be behar dabela irakurleakaz kontaktua: Idazleak irakurlea ezagutzen dauenean, zirkulua zarratu egiten da, idazlearen lan bakartiaren eta zalantzen ostean. Zure ahaleginak baten batentzat aberasgarria izan dala jakitea da idazle guztion helburua.

Kontuak kontu, maiatzaren 31tik bagilaren 10era bitartean dozenaka postu egongo dira Arenalean, argitaletxe, idazle eta irakurleen topaleku. Salmentarako eremu hutsa baino askoz gehiago da, baina, Bilboko Liburu Azokea. Esate baterako, egileen lana autortzeko plazea da. Lorenzo Silvak hartutako Zidarrezko Lumea aurten emongo diran sarietatik lehenengoa baino ez da.

Urrezko Lumea, bagilaren 4an, Joan Mari Torrealdairi emongo deutsie. Atea-Laboral Kutxa Saria, ostera, idazle bik hartuko dabe aurten, Karmele Jaiok eta Javier Sierrak. Zazpi Kale Saria Zaldi mamarroa nobelea plazaratu barri dauen Ekaitz Goienetxeari emongo deutsie.

Bestetik, nobela baltzak leku nabarmena izango dau 48. edizino honetan. Lorenzo Silva Zidarrezko Lumearen irabazlea bera genero horretako autorea da eta Lejos del corazón nobela barria aurkeztuko dau Bidebarrieta liburutegian, gaur, eguaztena. Ganera, XIII. Nobela Beltza topaketan Alfonso del Ríok, Antón Arriolak, Jon Arretxek, Javier Sagastiberrik eta José Javier Abasolok parte hartuko dabe.

Asier Muniategik aurreratu dauenez, Bidebarrieta Liburutegian bertan, Women in Black zikloa egingo dabe lehenengoz, nobela baltzaren eta emakumeen arteko loturea egiteko asmoz. Urteroko hitzordu bihurtu nahi dabe eta aurten, bagilaren 5ean, hiru emakume idazle konbidauko ditue: María Oruña, Susana Rodríguez eta Estela Chocarro. Hurrengo egunean, Noelia Lorenzo, Amaia Manzisidor eta Alaitz Leceaga izango dira berbalagun. Amaitzeko, hilaren 8an, Lara Siscar, Inés Martín Rodrigo eta Silvia Barrerak egingo dabe berba.

Hori gitxi ez eta topaketak, berbaldiak, aurkezpenak eta bestelakoak be egongo dira Liburu Azokan, egitaraua egunero-egunero egongo da beteta. Ganera, libururen bat erosten dabenei, kafetxua doban edateko txartela emongo deutsie.

Asier Muniategi, Joxean Muñoz, Lorenzo Silva, Iñaki Lopez Aguileta eta Kepa Torrealdai

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu