Bilbok bat egin dau Euskaraldiagaz
2018-05-30 08:31 Euskerea berbagaiZemendiaren 23tik abenduaren 3ra, parte hartzeko deia egin dabe Bilboko euskaltzaleek, Bilboko Udalak eta hainbat erakundek.
Bilboko euskaltzaleen mobimentuak, Bilboko udalak eta hainbat erakundetako ordezkariek agerraldia egin dabe bart Pergolan, bilbotarrak Euskaraldian parte hartu deien deialdia eginez. Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskerearen erabilerea bultzatzea helburu dauen ekimena antolatzeko Bilbon hainbat batzorde eta lan talde martxan dagozala azaldu dabe bozeroaileek. Euskal Herri osoan egingo dan ekitaldian Bilbo be buru-belarri sartuko dala azpimarratu dabe.
Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta uriko Euskaraldiko talde eragileko kide Irati Erkiziak egin dabe berba agerraldian, eta eurekaz, auzoetako batzordeetako ordezkaritzan Otxarkoagako Euskaraldiko batzordekide Igor Velezek eta erakundeetako ordezkaritzan Deustuko unibersidadeko Eleaniztasun zuzendari Sara Muniozgurenek be emon dabe Euskaraldia antolatzeko Bilbon dagoan dinamikearen barri.
Euskaraldia Euskal Herri osoan batera egingo da, baina herriz-herri antolatzen dabiz. 11 egun euskaraz lelopean antolatzen dabizen ekimenean, ahobizi eta Belarriprest rolak jokatuko ditue parte-hartzaileek. Esangura horretan, Ahobiziek 11 egun horreetan euskerea ulertzeko kapaz diran guztiei euskeraz zuzentzeko konpromisoa hartuko dabe, eta belarriprestek euskaldun guztiei adierazoko deutsee eurei euskeraz berba egiteko. Ekimenaren aurrekariak hainbat herritan antolatu izan dira azken bi urteetan (tartean, Deustun egin zan), baina aurtengo udagoienean Euskal Herri osoan aldi berean egingo da, 300 udalerri baino gehiagotan, tartean Bilbon.
Juan Mari Aburto alkateak euskerearen erabilerearen bultzadan Bilbok izan behar dauen berebiziko rola aldarrikatu eta herritar guztiakazko konpromisoa agertu dau Bilbo euskerea erabilteko gero eta leku egokiagoa izan daiten. Euskaraldia gure konpromiso argi-argia da' azaldu dau alkateak. Herritar guztiak egunero-egunero euskaraz gehiago egiteko animau ditu azkenik, danon artean, Bilbo gero eta euskaldunagoa izatea lortu geinkelako.
Antolaketa prozesuan, Euskaraldiak Bilboko euskaltzaleen indarrak metatu eta batera jokatzeko emon dauen aukerea azpimarratu dau Irati Erkiziak, Bilboko Euskaraldiko talde eragileko kideak. Antolaketan auzoz-auzoko dinamikak eta hainbat sektoretakoak (hezkuntzea, aisialdia, merkataritzea, enpresak, konpartsak, euskaltegiak eta beste), Bilboko udalaren babesagaz batera, uri osora zabaltzeko aukerea eskainiko dauela nabarmendu dau talde eragilearen izenean.
Otxarkoagako Euskaraldiko batzordekide Igor Velezek gaur egun Bilboko auzo gehienetan Euskaraldia antolatzeko lantaldeak martxan dagozala azaldu dau. Auzoz-auzo udagoienean Bilbo osoan eragiteko euskaltzaleak motor garrantzitsu dirala azpimarratu dau.
Deustuko Unibersidadeko ordezkari Sara Muniozgurenek sektoreetan egiten dan lana ekarri dau gogora: Hizkuntza ohituren aldaketak norbanakoon hautu eta konpromisoa eskatzen dau, baina banakakoon hautu hori egingarri izateko ingurune abegikorra be nahitaezkoa da eta horretarako Euskaraldia ekimena gure egunerokoaren parte diran esparru guztietara heltzea funtsezkoa da. Euskereagazko atxikimendua daben erakundeei Euskaraldira batzeko deia eginez amaitu dau Deustuko unibersidadeko kideak.
Euskeraz berba egin edo ulertzeko kapaz diran bilbotar guztiak Euskaraldian parte hartzeko deia eginez amaitu da agerraldia, izan be, Bilboko Euskaraldiko antolatzaileen eretxiz, asko gara hizkuntza-ohiturak astindu eta euskerea gehiagotan erabili nahi dogunok, eta zemendiaren 23tik abenduren 3ra kalera aterako gara Bilbo uste baino askoz euskaldunagoa dala erakusteko, alkarregaz lotsak eta aurreretxiakk astindu eta ohiturak aldatzea errazagoa dalako.
Nazino mailan, Euskaraldia nahikoa zabal dabil, eta atxikimendua adierazo deutsie erakunde ugarik: Euskaltzaindia, Eudel, EHU, Bizkaiko Foru Aldundia, Berria, Ikastolen Alkartea, Bilboko Euskaltegiak...
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!