Pello Bilbao omendu dabe Gernikan

Bizkaie! 2018-05-30 08:09   Euskaldunak munduan

Italiako Giroan seigarren lekuan amaitu dau txirrindulari gazteak.

Argazkia: Gernika-Lumoko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Gernika-Lumoko Udalak eta Foruko Udalak ekitaldi berezia antolatu dabe, Pello Bilbao txirrindulariari gorazarre egiteko. Izan be, oraindino gaztea dan arren, Bilbaok emoitza esanguratsuak eskuratu ditu zirkuitu profesionalean. Domekan amaitutako Italiako Giroan seigarren izan zan, hau da, sailkapen nagusian nazinoarteko izar handien parean.

Gernika-Lumoko udaletxean egindako ekitaldian txapela jantzi deutso Jose Maria Gorroño alkateak Pello Bilbaori. Giroan izandako arrakasteagaitik zoriondu dau Gorroñok eta kirol ibilbidean sari ugari irabazi daizala opa deutso. Omenaldian gogoratu dabe Pello Bilbao Gernikako Txirrindulari Alkartean ibili zala luzaroan. Goi mailarako saltoa Orbea, Caja Rural eta Euskaltelen eskutik egin eban. Gaur egun, Astana taldean dago.

Bestetik, Foruko Udalak oroigarria emon deutso Pello Bilbaori ekitaldi horretan.

2018ko Italiako Giroa maiatzaren 4tik 27ra jokatu da. Chris Froome britainiarrak irabazi dau sailkapen nagusia eta podiumera igon dabe Tom Dumoulin bigarren sailkatuak eta Miguel Angel Lopez hirugarrenak. Azken hori Pello Bilbaoren taldekidea da Astanan. Seigarren lekuan, 11 minutu eta 50 segundura, amaitu dau Bilbaok. Bera izan da sailkapeneko euskal txirrindularirik onena. Ganera, Mikel Nievek azken-aurreko etapea irabazi eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu