Irakurketa errazeko liburu barri bat plazara
2018-05-29 09:01 KultureaRudyard Kipling britainiarraren Kapitain ausartak euskeratu eta egokitu dabe.
Euskadiko Irakurketa Erraza alkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bilboko Azkuna Zentroaren laguntzinoagaz, irakurketa errazeko liburu barria aurkeztu dabe: Kapitain ausartak. Era horretako hiru liburu argitaratzea da asmoa eta horreetako lehenengoa da hau. Zezeileko azoka solidarioan batutako dirua erabili dabe egitasmoan.
Helburu bikotxa dauka liburu barri honek: Batetik, irakurketa errazaren bidez irakurgaiak gizarte osoaren esku ipintea; bestetik, euskerea bultzatzea. Literatura unibersalaren autore ezagun bat aukeratu dabe oraingoan, Indian jaiotako Rudyard Kipling britainiarra hain zuzen. Kapitain ausartak, 1897an idatzia, Jose Arandak egokitu dau bilduma honetarako.
Azkuna Zentroan aurkeztu dabe liburua. Izan be, Bilboko Udalaren menpeko azpiegitura horrek urteak daroaz Irakurketa Errazeko proiektuakaz alkarlanean, era horretako liburuak euskeraz be irakurri ahal izan daitezan.
Orain arte, irakurketa errazaren proiektuan euskeraz argitaratu diran zortzi liburuetatik, Azkuna Zentroak seitan lagundu dau. Ganera, Kapitain ausartak liburuaren ostean beste bi ateratzeko babesa emongo dau. Euskadiko Irakurketa Erraza alkarteak 28 izenburu klasikoren bildumea egin nahi dau, Almadraba argitaletxeagaz alkarlanean.
Irakurketa errazaren bidez, irakurteko aukerea emoten jake horretarako arazoak daukiezenei: Hezkuntza egokia jasoteko trabak izan dituenei, hizkuntzea ikasten dabizanei eta abar. Era horretara, testu literarioetarako zein bestelakoetarako sarbidea bermatzen jako mundu guztiari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!