900 ikasle batuko dira Bilbon, 'Mundu bat bertso' umeentzako programearen azken topaketan

Bizkaie! 2018-05-29 08:30   Bertsolaritzea

Ikasturtean zehar, astean ordubete emon dabe ikasleek abestiak, erritmoak, bertso zaharrak eta bertsolaritzearen historia ikasten, Bizkaiko Bertsozale Alkartearen eskutik.

Gaur, martitzena, 10:30etik 12:00etara bitartean, Arriaga Antzokian, Mundu bat bertso programearen ikasturte amaierako topaketan Bilboko 16 ikastetxetan ikasturtean bertsolaritzea landu daben 900 gazte batuko dira.

Mundu bat bertso Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleentzat da. Bertsolaritza programa honetan 32 ikastetxe dagoz. Urte birik behin, ikastetxeek aukerea dabe ikasturte amaierako topaketa honetan parte hartzeko. Ikasturte bakotxean 16 ikastetxe izaten dira.

Programa honen helburua bertsolaritzea indartzea da eta ikasleek ikastetxeetan ikasturtean zehar ikasitakoa beste ikuspuntu batetik ikustea. Gaur orain arte ikasitakoa erakutsiko dabe jai-giroan eta bertsoakaz ondo pasautaz.
     
Bilboko Udaleko Euskera eta Hezkuntza Sailak Bizkaiko Bertsozale Alkarteagaz batera antolatutako bertsolaritza-programea urritik maiatzera arte egiten da Bilboko ikastetxeetan.

Urtean zehar, ikasturtean, eskola-umeek euskal kulturea eta euskereen ezagutzea sakonago aztertzeko aukerea dabe eta bide batez, euskerearen erabilerea sustatzen da. Biharkoa bertsolaritzaz ikasi dabena konpartiduteko topaketea izango da.

Kontuak kontu, gaurko ekitaldian, ia ordu biko saioan bertsoez, antzerkiaz eta musikaz euskeraz ondo pasetako modua izango da. Ondoko ikastetxean bertaratuko dira: Salvador Maristak ikastetxea, Garcia Rivero HLHI, Iruarteta HLHI, Zamakola Juan Delmas HLHI, Pagasarribide L.H.I, Sagrado Corazón, Arangoiti L.H.I, Intxixu Ikastola, Jesus Maria, Kirikiño Ikastola, Urretxindorra ikastolea, Artxandape ikastolea, Pio Baroja, Uribarri HLHI, Viuda de Epalza HLHI eta Cervantes. Etxahun Lekue, Irudi Altzerreka, Xabat Galletebeitia eta Onintza Enbeitia bertsolarien bat-bateko bertsoez gan, Garoa Arizmendiren musika-emonaldia be izango da:



Ikasturtean zehar, astean ordubete emon dabe ikasleek abestiak, erritmoak, bertso zaharrak eta bertsolaritzearen historia ikasten, Bizkaiko Bertsozale Alkartearen eskutik.

Ganera, Bizkaia Irratian astean saio bat egoten da zemenditik maiatzera.

Bilboko Udalak 30 urte daroaz programa hau Bilboko ikastetxeetan egiten.



Bizkaiko Bertsozale Alkartea

1987an sortu zan alkartea, euskal kulturearen ondare immaterialaren zati handi baten, hau da, bertsolaritzearen, etorkizuna eta transmisinoa bermatzeko.

Alkartean bertsolariak eta bertsozaleak 2.400 dira. Irabazi-asmorik bako gizarte eta kultura-arloko alkartea da, bertsolaritzea sustatzea helburu dauena.

Bertsolaritzearen hainbat alderdi lantzen eta garatzen ditu eta profesionalen eta boluntarioen lana buztartzen ditu, biak baitira nahitaezkoak. Horixe da alkartearen filosofia, urteko proiektuetan eta helburuetan islatzen dana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu