'UEMA inoz baino sendoago' agertu da Diman

Bizkaie! 2018-05-28 10:07   Euskerea berbagai

Udalerri Euskaldunen Egunean jaia eta aldarrikapena buztartu ditue.

UEMAk antolatuta, Udalerri Euskaldunen Eguna ospatu eben zapatuan Diman, giro onean. Egunari ekiteko, Mankomunidadeak Batzar Nagusia egin dau eta udal barri bi onartu ditu: Arantzazu eta Bakio, biak Bizkaikoak. Era horretara, dagoeneko 87 udal dagoz UEMAn, eta 250.000 biztanle inguruko lurgunea hartzen dabe.

Amets Jauregizar eta Igor Meñika Bakioko eta Arantzazuko alkateek egin dabe berba batzar nagusian. Biak gustura agertu dira, udalentzat egun garrantzitsua dala nabarmendu dabe, UEMAko kide eginda euren herrietako euskereari bultzada nabarmena emongo deutsielako.

UEMAko eta udal barrietako ordezkariak

Batzar Nagusia egiten egozan bitartean, udalerri euskaldunetako hainbat herritarrek Udalerri euskaldunak eta euskalgintza izeneko mintegian parte hartu dabe. Hainbat herritako esperientziak partekatu ditue. UEMAk, udalakaz alkarlanean, arnasguneei buruzko tailerrak antolatzen ditu udalerri euskaldunetan, euskerearen normalizazino prozesurako giltzarriak diran elementuak aurkeztu eta herrietan eragiteko aintzat hartzeko esparruak definiduteko. Gazteentzako beste mintegi bat be egin dabe Diman.

Gazteen mintegia

Ekitaldi nagusian, bestetik, euskalgintzako eta erakunde publikoetako hainbat ordezkarik parte hartu dabe. Besteak beste, Diman izan dira Udalbiltzako lehendakari Luis Intxauspe, Gipuzkoako Hizkuntza Bardintasunerako zuzendari Garbiñe Mendizabal, Kontseiluko idazkari Paul Bilbao, AEK-ko koordinatzaile Mertxe Mugika, EH Bilduko Rebeka Ubera eta Sortzen-eko euskera arduradun Olatz Egiguren. Era berean, Udalerri Euslaldunen Egunari babesa helarazo deutsie Nafarroako lehendakari Uxue Barkosek, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazinoaren zein EAJren presidenteek.

Josu Labaka UEMAko lehendakariak ekitaldi horretan azpimarratu ditu euskalgintzearen, herritarren eta erakunde publikoen artean sortzen hasi diran zubiak. Euskerearen lurgunea zabaltzearen eta sendotzearen beharra be aitatu dau: Horixe da UEMAk erakutsi dauena urte honeetan guztietan, bidea eginaz, eta horretan segidu behar dogu, eten barik, euskeraz garela aldarrikatuz. Herri honen izakerearentzat eta etorkizunarentzat udalerri euskaldunen ekarpena egundokoa dala jakinda, hizkuntza politika aurrerakoiak eginaz.

Bakio eta Arantzazu gehituta, 87 udalegaz, UEMA inoz baino sendoago dagoala esan dau Labakak, baina euskerearen lurgunea eta benetako arnasguneak zabaltzeko eta sakontzeko, udalerri euskaldunen babesa eta garapena beharrezkoak dirala aldarrikatu du. Udalerri euskaldunen garapen sozioekonomikoa eta soziokulturala ezinbestekoak dira udalerrioi bizirik eusteko, euskaldun izaten segidu deien. Herri honen benetako birikak eta arnasguneak dira udalerri euskaldunak, bertan dago sendoen eta bizien gure hizkuntzea.

Aldarrikapenagaz buztartuta, jaia be egin dabe Diman. Bazkari herrikoia, bertsolariak, herri kirolak, batukadea eta abar antolatu ditue, Udalerri Euskaldunen Egunera hurreratu diran ehundazak lagunen gozagarri. Gauean, Egurra Ta Kitto eta Ezten Giro taldeen kontzertuak egon dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu