Euskerea kirolean bultzatzeko proiektua, Bizkaitik Europara

Bizkaie! 2018-05-25 10:50   Euskerea berbagai

Lorea Bilbao Euskera diputaduak azalpenak emon ditu NPLD sarearen batzarrean.

Lorea Bilbao, NPLD-ren batzarrean berbetan (argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak kirolean euskerea bultzatzeko martxan dauen proiektua, BIKEE (Bizkaian kirola be euskeraz), Europa guztiko 50 erakunde ingurutako ordezkariei azaldu deutse Lorea Bilbao Euskera eta Kultura diputaduak. Valentzian egiten dabiz NPLD sarearen urteroko topaketea eta hitzordu horretan parte hartu dau Bilbaok. Kontinentean hizkuntza aniztasuna sustatzeko erakundea da NPLD.

Gizarte eleaniztun baterantz: irakaskuntzearen balioa eta eskualdeetako hizkuntzak edade goiztiarretan ikastea da Valentziako topaketearen izenburua eta gai nagusia. Horregaz lotuta, Lorea Bilbaok euskerearen erabilera soziala gazte-gaztetatik kirolaren bidez sustatzea ze garrantzitsua dan adierazo dau, eta kirol arloko prestakuntza-ibilbide osoan aukera horri eutsi behar jakola ganeratu dau. 

Aldundiak abian jarritako BIKEE proiektuan Bizkaiko kirol federazinoek euren borondatez parte hartzen dabela aitatu dau. Egitasmo hau martxan jarri dabe kirola funtsezko esparrua dalako edade goiztiarreko personek hizkuntzea era naturalean erabili deien. Kirola personen prestakuntzea, garapen integrala eta bizi-kalidadea hobetzeko erea izateaz gan, euskereari aukerea emoten deutsan beste alor bat be bada.

Bilbao diputaduak Valentziako ponentzian azaldu dauenez, proiektu hau plan aitzindaria da, eta lurraldeko kirol federaduaren sistema osoa hartzen dau, modalitate bakotxean euskerearen erabilerea normalizetako bidean aurrera egiteko; Bizkaiko kirolaren mundua euskalduntzeko, azken baten.

Diagnostikoa egin ondoren, federazino bakotxak erakundeagaz erabagiten dau bere errealidadeari ondoen egokitzen jakozan neurriak euskerea sustatzeko. Aldundiak federazinoei aholkularitza teknikoa, materiala eta babesa emoten deutsez. Kanpoko eta barruko komunikazinoa nabarmendu behar dira, kirol munduan egindako ohiko komunikazinoak hizkuntza ofizial bietan egingo dirala bermatzea garrantzitsua da, Lorea Bilbaoren esanetan. Kirol lehiaketa eta topaketetan be, gero eta euskera gehiago erabiltea da helburua.

Lorea Bilbao ez da izan NPLD-ren batzarreko hizlari bakarra: Europako eskualdeetako hainbat gobernu, erakunde eta alkartetako ordezkariek parte hartu dabe, esate baterako: Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren Idazkaritzako titular Sixto Molinak; Cardiff-eko unibersidadeko katedradun Colin H. Williams-ek eta Genevako unibersidadeko katedradun Joaquim Dolz-ek.

Bizkaiko Foru Aldundia NPLD sareko kidea da, eta gaur egun Euskera eta Kultura diputatu Lorea Bilbao da ordezkari. Sare horrek Europako hizkuntza aniztasuna sustatzeko lan egiten dau eta, beraz, Europako eremu urriko hizkuntzak sustatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu