'Komentuko Gozoak', Bilboko Eleiz Museoan

Bizkaie! 2018-05-24 13:36   Jan edanak

Barikutik domekara, 7.000 kilo gozo, gaztai, kosmetika eta likore egongo dira salgai.

Dagoeneko ohiturea bihurtu da askorentzat Komentuko Gozoak azokatik osterea egitea, eremu erlijiosoetan egindako produkturik finenak batzen diralako Bilboko Eleiz Museoan, Atxuri auzoan. Dagoeneko 15. edizinoa izango da honako hau eta 37 komentutako jakiak eta bestelako produktuak egongo dira aukeran. Era honetako merkaduen artean bakarra da hau, dauen garrantziagaitik zein nazinoartekotasunagaitik, antolatzaileen arabera. 

Erakusmahaietan hiru egunez egongo diran produktu guztiak batu ezkero, 7.000 kilo inguru dira; tartean egongo dira, jakina, gozoak: pastak, gailetak, trufak... Horrezaz gan, gaztaia, ozpina, likoreak, garagardaoa, patea eta beste produktu batzuk be salgai izango dira. Jatekoak ez diranen artean, produktu kosmetikoak dira aitagarrienak.

Gehienbat klausurako komentuetan egindako produktuak izaten dira Komentuko Gozoak azokakoak. Ingurukoak zein urrunekoak dira jatorriz. Esate baterako, aurten Sevilla, Burgos eta Mallorcako komentu banatako produktuak lehenengoz izango dira Bilbon. Ez dira faltako Chartreuseko likore ospetsuak eta 2017ko edizinoan harrera bikaina izan eben Cobreceseko gaztaiak.

Euskal Herriko sei komentuk parte hartuko dabe: Aguraingo Klarisak, Artziniegako Laterandarrak, Garesko Komendadoreak, Loiuko Mertzedariak, Elorrioko Domingotarrak eta Ziortzako kolegiatako Zistertarrak.

Azokea barikutik domekara, 25etik 27ra, egingo dabe, 10:30etatik 20:00etara, eta doban sartu leiteke. Salmentetan ateratako dirua komentuetako konponketa txikietarako eta eguneroko mantenurako erabiliko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu