Hizkuntza eskubideak estatutu barrian jasotea eskatu dau Kontseiluak

Bizkaie! 2018-05-24 12:48   Euskerea berbagai

Eusko Ikaskuntzari be emon deutso proposamenaren barri Paul Bilbaok.

Eusko Legebiltzarrak autogobernuaren ganeko eztabaidearen barruan, EAErako Estatutu barri baterako eztabaida-prozesua zabaldu dau eta, hizkuntzearen eta honen eskubideen gaia zelan kokatu barrikusteko aukera hau erabili dau Kontseiluak. Miramar jauregian aurkeztu dau dokumentua Kontseiluko zuzendaritzeak, Paul Bilbao idazkari nagusiagaz batera. Aurkezteaz gan, Eusko Ikaskuntzari be emon deutso proposamenaren kopia bat Bilbaok. Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidenteak, mendeurrenaren testuinguruan egiten dabilen prozesuaren barruan lantzeko konpromisoa adierazo dau, gizarte zibilaren garrantzia nabarmentzeagaz batera.

Iban Arregi, Berria Taldeko ordezkaria Kontseiluan eta une honetan lehendakaria danak proposamena egitearen beharra eta garrantzia azaldu dau. Ia berrogei urte joan dira Estatutua onartu zanetik, eta gizartean hainbat aldaketa izan dira, bai eta hizkuntzearen eremuan be. Egia da ordutik aurrerapausoak izan dirala, baina ez nahikoak. Gizarte zibil antolatuak etorkizuneko hizkuntza-araudian eragin zuzena izango dauen Estatutuan ekarpena egitea beharrezkotzat jo dau Kontseiluak.

Protokoloan jasoten diran printzipio nagusiak aintzat hartu ditue proposamena osotuterako orduan eta, Bilbaok azaldu dauenez, hizkuntza-eskubideak eskubide estatutarioetan modu zuzenagoan jaso behar dirala ondorioztatu, eta horrexegaitik ekarpen integrala egin nahi izan dogu.

Aurkeztutako dokumentuaren edukiaren barri emon dau Kontseiluko idazkari nagusiak. Hizkuntzearen estatusari jagokonez, lurralde osoan ofiziala izango da; euskerea berezko hizkuntzea da EAEn; administrazinoan erabilera normaleko eta lehentasuneko hizkuntzea euskerea izatea jasoten da; Europako Batasunean hizkuntza ofiziala izateko ekintzak abian jartea be proponiduten da.

Euskerea erabilteko eskubidearen inguruan be hainbat proposamen egiten dira; herritarrei hizkuntza-hautua bermatzea eskatu eta hori bermatzeko betekizunak be proponiduten deutsoz administrazinoari. Horretarako, administrazino publikoko langileek euskerearen ezagutza-maila egokia egiaztatu beharko dabe.

Beste alde batetik, euskerearen gizarte eragileak erakunde aholku-emoleak izatea be proponiduten dau.

Edukien barri emon ostean, Dorronsorori emon deutso dokumentua Paul Bilbaok eta Eusko Ikaskuntzako presidenteak eskertu dau proposamena helarazo izana, izan be, gizarte zibilaren parte hartzea sustatu nahi dabe prozesuaren barruan. Eusko Ikaskuntzaren sorreran bertan hizkuntzeak izan eban garrantzia gogorarazo eta etorkizunari begira be holan izan behar dauela nabarmendu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu