'Euskerearen Herri Hizkeren Atlasa'-ren IX. liburukia kalean da

Dabi Piedra 2018-05-23 12:47   Euskerea berbagai

Giza gorputzari eta apainketeari jagokon alea aurkeztu dau Euskaltzaindiak.

Bilbon egin dabe aurkezpena. | Ikusi handiago | Argazki originala

Hizkuntzearen argazkia da Euskerearen Herri Hizkeren Atlasa, Andres Urrutia euskaltzainburuaren arabera, hiztunen ahotik jasotako altxorraren bildumea. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan Euskal Herri guztiko lekukoen artean jasotako berbak eta aldaerak modu zehatz eta grafikoan batzen ditu atlasak, milaka orduko grabazinoak publikoaren eskura jarteko. Gaika antolatuta, liburukitan plazaratzen dabil Euskaltzaindia aspalditik eta dagoeneko IX. zenbakia kalean da.

Obra hau beste pausutxu bat da, hau ez da liburukiak ateratzea bakarrik, dialektogiaren corpus oso bat dago hemen, azaldu dau Urrutiak. Bederatzigarren ale honetan, giza gorputzari, umezaroari, sexualidadeari eta apainketeari lotutako kontzeptuak landu ditue: Herri bakotxean ze berba erabilten diran dakar liburuak, mapa koloretsuetan adierazota.

Metodologiari jagokonez, eguneroko bizimoduan eragin handia daben kontzeptuak aukeratzea ezinbestekoa dala dino Adolfo Arejita proiektuaren zuzendariak: Funtsezko kontzeptuak agiri dira, mugatu beharra dago, bestela hondo bako zaku baten modura handituko litzateke batze prozesua. Halandabe, ez da lan txikia, IX. liburukia bakarrik kontuan hartuta 262 mapa dira, beste horrenbeste kontzeptu euskalki eta eskualde bakotxean zelan esaten diran adierazoten dabenak.

Euskerea era naturalean, ahoz ahoko transmisinoaren bidez jaso dabenen lekukotzak dirala gogoratu dau Arejitak, lekuko bakotxaren hizkerearen espilua. Hartara, euskerearen ahozko ondarearen parte da, euskera bizia hemen dago, Urrutiaren esanetan. Herritik hartu dogu ondare hau, jaso, landu eta barriro herriaren, edo ikerlarien, esku ipinteko.

Euskaltzaindiaren aurreikuspenen arabera, hamabi liburuki izango ditu Euskerearen Herri Hizkeren Atlas-ak, hortaz hiru baino ez dira falta. Arejitaren ustez, bi edo hiru urtean amaitzeko modua izango dabe. Dana dala, behin atlas osoa kalean dagoala, osteko lan ugari geratuko dira egiteko. Obra dinamikoa da, oinarri izan daitela ondorengo lan eta ikerketetarako, dino Urrutiak.

Euskaltzaindiaren bidez zein liburu-dendetan erosi leiteke IX. liburukia. Horrezaz gan, bersino digitala interneten ikusgai dago, aurreko liburuki guztiakaz batera (hemen). CDan be eskuragarri dago.

Liburuki barriko mapetako bat

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu