Friedrich Dürrenmatt eta Alice Munro, euskeraz
2018-05-23 13:17 Euskerea berbagaiLiteratura Unibersala bildumearen barruan plazaratu ditue itzulpenak.
Erein eta Igela argitaletxeek alkarlanean argitaratzen daben Literatura Unibersala bildumako 172. eta 173. aleak aurkeztu ditue Donostian: Friedrich Dürrenmatt-en Epailea eta haren borreroa eta Alice Munro-ren Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak. Argitaletxe bietako ordezkari Xabier Olarra, Eusko Jaurlaritzako Estibalitz Alkorta eta EIZIEko Idoia Gillenea egon dira aurkezpen ekitaldian, baita itzultzaile biak be: Isabel Etxeberria eta Idoia Santamaria.
Nobela baltza da Epailea eta haren borreroa, Friedrich Dürrenmatt suitzarrak 1950ean idatzitakoa. Hilotz bategaz hasten da, baina generotik urruntzen dauen ezaugarri bat dakar kontakizunak: Istorio nagusia dirudianari –hilketea argitzeko prozesua– beste istorio batek hartuko deutso aurrea. Auzi garrantzitsu baten ingurukoa be bada elebarri hau: onaren eta gaiztoaren arteko muga lausoa, pertsonaia zintzoen eta gaiztoen arteko bereizkuntza garbirik ez dago. Bärlach eta Gastmann pertsonaien arteko hartu-emonak dira horren erakusgarri, onaren eta txarraren arteko mugan dabiz eta. Suitzan jazoten dira nobelako pasadizo guztiak, 1948an.
Dürrenmatt-en nobelea euskerara ekarteko ardurea Idoia Santamariak hartu dau (Donostia, 1962). Itzulpengintzan aspalditik ibili da, Europako Batasunean zein bertoko erakundeetan, baita formakuntzan be. Lan literarioak ez eze, ikus-entzunezkoak eta testu zientifikoak be itzuli izan ditu.
Bestetik, barriagoa da, 2001ekoa, Alice Munro kanadarraren Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak. Bederatzi narrazino dakarz liburu horrek, Munroren ohiko unibersoan kokatuak. Eguneroko bizitzeagaz lotura handia daben kontakizunak dira, ez dago jazoera misteriotsurik edo abentura handirik, bizimodu arrunteko personak baino. Baina egunerokotasun horretan tragedia handi eta txikiek be badabe lekua. 2013an Nobel Saria irabazi eban Munrok.
Isabel Etxeberriak (Donostia, 1975) itzuli dau Alice Munro euskerara. Modu profesionalean dabil itzultzaile eta irakasle. Ganera, itzulpengintzearen inguruko ikerketak egiten ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!