Kirol bikaintasuneko proiektua martxan, Joko Olinpikoak helburu

Bizkaie! 2018-05-18 13:16   Euskaldunak munduan
Argazkia: Irekia | Ikusi handiago | Argazki originala

Tokio 2020, Beijing 2022 eta Paris 2024 Joko Olinpikoetan euskal kirolarien parte-hartzea sustatzeko asmoz, kirol bikaintasuneko egitasmoa aurkeztu dabe Bilbon Basque Team Fundazinoak eta Kirol Egokituaren Euskal Federazinoak. Bingen Zupiria Kultura sailburua egon da ekitaldian Jaurlaritzearen izenean, eta, federazinoaren izenean, ostera, Porfirio Hernandez presidenteak parte hartu dau. Amagoia Arrieta eta Agurtzane Eguiluz kirolariak be han izan dira.

Proiektua martxan jarri dabe hurrengo hitzordu olinpikoetan egoteko gaitasuna daben kirolariakaz lan egiteko. Nazinoartean, kategoria absolutuan, emoitza onak dituen kirolariei bekea emon beharrean (hori Basque Team Fundazinoak egiten dau, eta egiten segitzen dau), proiektu barri honetan kirolarien ingurugiroan oinarritutako ekimenen araberakoak dira baliabideak. Fundazioaren bekarik ez daben kirolariek be proiektuan parte hartu leikie.

Euskal federazinoek eta Basque Team Fundazinoak gidatutako proiektuek kirolarien egunerokoa ezagutzen dauen entrenatzaileen laguntzinoa izango dabe. Horrezaz gan, kirolariei jarraipen zehatza egingo deutsie. Federazinoek zuzenduko ditue proiektuak eta Basque Teamen laguntzino ekonomikoa eta aholkularitzea izango dabe, Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroak eskainitako zerbitzu biomedikoakaz eta kirol teknikarien aholkularitzeagaz batera.

Kirol egokituaz gan, surfak, eskaladeak, karateak, atletismoak, judoak, arraunak, errugbiak, eskubaloiak, badmintonak, mahai-tenisak eta piraguismoak be bikaintasunezko proiektua izango dabe. Kirol egokituaren proiektuaren barruan, ganera, azpi-proiektu bi bereiztu ditue, horreetako bat gurpil aulkiko saskibaloiaren ingurukoa izango dala aurreratu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu