Ana Galarraga: ‘Literaturea plazer-iturri dala erakutsi nahi dogu’

Ainhoa Lores 2018-05-21 08:00   Barriketan

Literaturia jaialdiko antolatzailea.

Zarautz literaturearen erdigune bihurtuko da barriro be datorren eguenetik, hilaren 24tik, domekara arte. Literaturia bueltan da eta oraingoan be betiko espirituari eutsi deutso: euskal idazle, argitaletxe eta irakurle gazte zein helduen topagune izatea, eta literatureaz gozetako askotariko aukerak eskaintzea: narrazinoak, ipuinak, antzerkia, komikia, musikea, marrazketea, gogoetea...

Ana Galarragak hamargarren edizino honek eskainiko dauena aurreratu deusku.

 

1.- Bost urte dira Literaturia Zarautzen egiten dala, hamar martxan jarri zanetik. Zelako garapena izan dau jaialdiak?

Dezenteko bilakaerea izan dauela begitantzen jat. Hazi egin da, eta beste publiko batzuetara zabaldu, umeei batez be. Edozelan be, sortu zanean eban espirituari eutsi deutso: euskal letren plazea izatea; erakusleiho baino gehiago, topagune eta akuilu.

 

2.- Larrabetzutik Zarautzera eroateak zelako aldaketea ekarri eban?

Larrabetzu eta Zarautz nahiko desbardinak dira. Horrek ekarri eban egiturea aldatzea: han herri osoan zabaltzen zan, eta, hemen, barriz, hiru gune nagusitan batzen da: Modelo aretoa, aurten Antoniano, Modelon barrizte lanak egiten dabizalako; Musika Plazea; eta Garoa liburu-dendea.

Bestalde, edizino bakotxari berezko nortasuna emotea erabagi genduan, eta, orain dala lau urtetik hona, gai bat aukeratzen dogu, eta haren inguruan josten dogu egitaraua. Odola, narrua, ispilua eta aingurea izan dira aurten arteko gaiak, eta horrek jolas handia emon deusku, bai guri, atontzeko lerro bat izateko, bai sortzaileei, nori edo zeri heldu izateko.

Hain zuzen be, garrantzi handia emoten deutsagu sortzaileen askatasunari eta esperimentazinoari. Hortik sortzen dira lan barriak. Hortaz, sortzaileakaz hartu-emonetan jarten garenean, horixe transmitiduten deutsegu: konfidantza osoa dogula eurekan, libre dirala nahi dabena egiteko eta olgetako bildur barik. Eta emoitzea plazer hutsa izaten da.

 

3.- Orain dala bost urte, zuk zeuk hartu zenduan jaialdia atontzeko lekukoa. Zelan izan zan?

Lehenengo urte haretan, egitaraua dagoeneko eginda egoala hartu genduan lekukoa. Hortaz, hurrengo urtea izan zan benetan lehenengoa niretzat, arduradun moduan. Ilusino handiagaz hartu neban lan hori, lagun-artean egiten dogulako, borondatez eta gogoz.

 

4.- Elhuyarreko zientzia komunikatzailea, Literaturiako antolatzailea, orain Euskal Idazleen Alkarteko zuzendaritzako kidea be bazara. Zelan buztartzen da hori dana?

Elhuyarrekoa nire lanbidea da. Literaturiakoa eta EIEkoa, barriz, borondatezkoak dira, baina horretara ohituta nago: neurri handiagoan edo txikiagoan, eta talde batean ez bada bestean, beti ibili izan naz herrigintzan: mendia, antzerkia, euskerea, kulturea, feminismoa... Trukean ez da dirurik jasoten, galdu bai, baina beste era batera jasoten danak asko beteten nau. Hori bai, garbi daukat holako lanak epe baterako izan behar dabela, norbera barrizteko eta eraldatzeko ezinbestekoa dalako txandea hartzea eta emotea, batez be ardura-mailan.

 

5.- Literaturatik haratago doan jaialdia da Literaturia. Zer eragin nahi dozue?

Literaturea plazer-iturri dala erakutsi nahi dogu, horretarako aukerak sortuz. Literaturea norbere burua eta ingurua ulertzeko eta hobetzeko giltza dala, emozinoak eragiten dituala, gogoetarako aukerea emoten dauela... Hori guztia nahi dogu frogatu Literaturiagaz.

 

6.- Aingurea da aurtengo gaia. Honegaz zer adierazo nahi dozue?

Gure ustez, aingurea oso irudi metaforikoa da, eta literaturan oso erabilia. Alde askogaitik heldu leikio: non botaten dogun aingurea, zenbat kostetan jakun altzetea...

 

8.- Egitarauaren aurkezpenean Andoni Tolosa eta Txakur Gorria taldeko kideak izan dozuez alboan. Zer ekarriko dabe aurtengo edizinora?

Andoni Morauk barriketaldi baten parte hartuko dau, Anjel Lertxundi eta Maddi Zubeldiagaz batera. Hirurek bizi izan dabe hurretik alzheimerra eta gatx hau bizi izan dauen personea jagotea zer dan, eta hirurek sortu dabe lan bana bizipen horreetan oinarrituta. Prozesu hori zelakoa dan azalduko dabe jentaurrean, kantuak, berbak eta irudiak tartekatuta, Jon Abrilen gidaritzapean.

Txakur Gorria kolektiboak bere aldetik, izenburuaz harago, Lau, ez ditu aztarna asko emon, baina antzerki edo performace moduko bat izango dala aurreratu dau. Kideak ezagututa, ziur nago diziplina bat baino gehiago buztartuko dituela, emakumeak edo emakumeek protagonismoa izango dabela eta zer pentsaua emongo deuskula.

 

9.- Ze beste barritasun izango dira aurten?

Aurten tailer bi izango doguz, bata mikroipuinak itzultzeko, EIZIEk atonduta eta bestea, idazleen wikipediako orriak osotuteko, Euskerazko Wikipediaren eskutik.

 

10.- Zer nabarmenduko zeunke aurtengo egitarautik?

Aitatu doguzan saio bi horreez gan, omenaldi bi be nabarmenduko neukez: Joxean Artzeri eskainitakoa, eta Jesus Mari Olaizola Txilikuri Literattipian egingo deutsaguna.

 

11.- Aurtengo egitaraua osotuterako orduan zer hartu dozue kontuan?

Berez, gaiak asko marketan dau zeren ingurukoak izango diran ekitaldiak. Horren barruan, diziplinartekotasuna bilatzen dogu, eta horren froga garbia dira Biziminak antzezlana, Joseviskyren Aingura komikian oinarritutako saioa, Miren Narbaiza eta Joseba Baleztena musikariakaz, eta lehen aitatu dogun Txakur Gorriaren proposamena.

Emonaldiak ez eze, gogoetarako tarteak be eskaini nahi doguz; helburu hori dakar solasaldiak eta sortzaileen eta irakurleen artean hartu-emonak sortzea be bultzatzen dogu; horregaitik dinogu plazea dala, eta liburu-aurkezpenek eta azokeak be kutsu hori dabe.

 

12.- Zelan erosi daitekez sarrerak?

Sarrerak sinbolikoak dira, 3 euro baino ez, eta Antoniano aretoko emonaldi batzuetan bakarrik. Sarreran bertan erosi daitekez, emonaldiaren aurretik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu