Osasungintzea eta euskerea bat eginda Arantzazun

Bizkaie! 2018-05-18 08:30   Euskerea berbagai

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea 28. biltzarra egiten dabil gaur eta bihar.

Aurreko biltzar bateko irudia (argazkia: OEE) | Ikusi handiago | Argazki originala

Komunikazinoa-Inkomunikazinoa izenburupean egiten dabiz Arantzazuko Gandiaga Topagunean OEE-ren 28. kongresua. Gaur, maiatzak 18, hasi eta bihar arte ibiliko dira osasungintzako eta euskalgintzako adituak hainbat gairen inguruan eztabaidatzen. Izan be, osasunaren alorrean euskerea bultzatzea da OEE-ren helburua.

Aurtengo izenburuak dakarren legez, komunikazinoa izango da biltzarraren ardatza: Osasungintzan zelako arazoak dagozan komunikazinorako, ondo komuniketearen garrantzia, osasun alorreko tabuak, hizkuntzak eta abar. Bioetikan, bizitzearen amaieran, sexualidadean eta beste eremu askotan funtsezko gaia da komunikazinoarena, OEE-ren arabera.

Anjel Lertxundi idazleak dinoanez, isilune batek, momentu aproposean, komunikazino emonkorra ekarri leike. Eta alderantziz, atertu bako kalaka batek inkomunikazino handia eragin. Hain zuzen be, Anjel Lertxundi izango da biltzarreko berbaldi nagusiaren arduraduna, zapatuan goizean goiz.

Beste jarduera ugari be badakarz egitarauak: Mahai-inguruak gai honeen ganekoak izango dira: Komunikazino arazoak sortzen deuskuezan gaiak; Euskerazko komunikabideak osasungintzan; Hizkuntzea eta osasuna; eta Bioetikea eta zaintza aringarriak. Lau hitzorduotan, alor horreetako adituek parte hartuko dabe.

Era berean, tailerrak antolatu ditue, esate baterako, euskerazko Wikipedia lantzearen ingurukoa eta Sexuen arteko meta-komunikazinoa izenekoa. OEE-k urteroko batzarra egiteko be erabiliko dau hitzordua. Egitaraua biribiltzeko, zapatu eguerdian bertso saio klinikoa eskainiko dabe Nahikari Gabilondok eta Felix Zubiak.

Egitarau osoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu