LGTBIfobiaren Kontrako Nazinoarteko Eguna da gaur

Bizkaie! 2018-05-17 09:55   Kulturea

Sexu aukeran oinarritutako diskriminazinoa salatzea da helburua.

1990eko maiatzaren 17an homosexualidadea gaixotasunen zerrendatik kendu eban OMS Osasunaren Munduko Erakundeak. Harrezkero, urtero egun horretan egiten da Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren Kontrako Nazinoarteko Eguna. Arrazoi horregaitik sortutako diskriminazinoen kontrako aldarria izango da, hortaz, nagusi gaur.

Gai honen inguruan dabizan erakundeek azaldu dabenez, azken urteotan aurrerapen handiak egon dira diskriminazino hori gainditzeko bidean, baina, halandabe, oraindino eraso, irain eta bazterketa ugari jasoten ditue hainbat lagunek homosexual, bisexual edo transexual izate hutsagaitik.

Bilboko Udalak bat egin dau gaurko egunagaz eta ohar baten nabarmendu dauenez, LGTBIen kontra diharduen erakunde atzerakoi amorratuak ez dira oraindino desagertu, desagertu ez diran moduan jokaera homofobikoak gure ikastetxeetan. Honegaz batera, guztiz ikusgai agertzen ez diran bitartean lesbianek ez dabela legitimidade sozial osoa eskuratuko, ez dabela euren eskubideak askatasunez baliatzerik izango, azpimarratu dau. Bildurgarria da zelan dabizan zabaltzen LGTBIfobia sare sozialetan.

Berdindu-k, gay, lesbiana, bisexual eta transexualei informazinoa eta babesa emoteko Eusko Jaurlaritzako zerbitzuak, oharra plazaratu dau egun honen harira; gorroto delituen artean, LGTBI kolektiboaren kontrakoak dira ohikoenak, testu horren arabera, eta LGTBIfobia oraindino errealidadea dala dino.

Munduko 70 herrialdetan delitua da homosexualidadea, eta horreetako bostetan heriotza zigorra ezarri leikie horregaitik. Berdindu-k jakitera emon dau, sexu askatasunagaz lotutako arrazoiakaitik beste herrialde baten babesa eskatzen daben personen kopurua gora doala.

Hego Euskal Herrian, 2016an, LGTBI kolektiboaren kontrako 40 gorroto delitu erregistrau zituen, horreetatik 21, Bizkaian. Ganera, Aldarte-koek adierazo dabe eraso gehienak ez dirala salatzen eta, hortaz, zenbakia handiagoa dala. Berdindu sareko alkarteetan egunero jasoten ei ditue deiak, laguntzinoa edo babesa eskatzen. Espainiako eta Frantziako Gobernuen datuak aintzat hartuta, Hego zein Ipar Euskal Herrian gorroto delituek gora egin dabe azkenaldion.

Amaitzeko, Berdindu-k dei egin deutso euskal gizarteari, ahaleginera batu eta danon artean diskriminazinoaren kontra burrukan egiteko.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu