Zientzia gizarteratzeko ahaleginari autortzea CAF-Elhuyar Sarietan
2018-05-17 08:33 KultureaAlaitz eta Iraia Etxabide, Miguel Querejeta, Iñaki Odriozola eta Josu Lopez Gazpio saritu ditue.
Donostian egin dabe CAF-Elhuyar Sariak banatzeko ekitaldia. Egin jauzi, eta sortu uhin hedakorrak izan da edizino honetako leloa, eta horretara ausartu diranei autortzea egiteko asmoz egin dabe ekitaldia. Hain zuzen be, zientzia eta teknologia gizarteratzeko lana saritzeko antolatzen dabe urtero lehiaketea, baita helburu horregaz bat egiten daben proiektuak bultzatzeko be.
Aurten zientzia eta teknologiaren inguruan euskeraz sortutako 71 lan aurkeztu ditue sariketara. Epaimahaiak banan-banan aztertu eta honeek izan dira kategoria bakotxeko sarituak:
- Dibulgazino-artikulu orokorra, Alaitz eta Iraia Etxabide Etxeberria: Irtenbide zirkularra, mundua irensten ari den nonahiko zaborraren kontra izeneko artikuluaren bidez, plastikoen arazoari aurre egiteko urtenbideak ikertu ditu Alaitzek, eta artikulurako ilustrazinoak egin ditu Iraia ahizteak. Lesakarrak dira, eta bien arteko alkarlanaren emoitzea izan da lan saritua.
- Doktore-tesian oinarritutako dibulgazino-artikulua, Miguel Querejeta Lopez: Zulo beltzen sinfonia lanari esker irabazi dau Querejeta donostiarrak. Alemaniatik etorri da saria jasotera, Max Planck Astrofisika Institutuan ikerlaria da eta. Zulo baltz erraldoien eta galaxien arteko alkarrekintzeari buruz egin dau tesia. Ez da CAF-Elhuyar saria irabazi dauen lehen aldia, 2013an be emon eutsien, artikulu orokorraren kategorian.
- Neiker Sari Berezia, Iñaki Odriozola Larrañaga: Lehen sektorearen inguruko azterlanei emoten jaken sari hau irabazteko, Odriozola zestoarrak Euskal mendiak herbiboroek zizelkatuak izeneko testua aurkeztu dau, bere tesian oinarritua.
- Zientzia kazetaritzea, Josu Lopez Gazpio: Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea Zientzia Kaieran argitaratu eban, Gabonetako oporrak hasi aurretik, hain zuzen.
Saritu bakotxari 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalek egindako eskulturea emon deutsie. Horrezaz gan, 5.000 euroko laguntzinoa emoten dabe CAF-Elhuyar Sariek, zientziaren eta gizartearen arteko zubilana egiten daben proiektuei laguntzeko. Aurten, arkitekturearen ganeko gogoetea eta teknologia buztartzen dituan egitasmo batek irabazi dau, Bastartak! izenekoak. Ander Gortazar Balerdi donostiarra eta Jacek Markusiewicz poloniarra dira egileak.
Azkenik, Elhuyar Fundazinoaren Patronatuak Elhuyarren Merezimendu Saria be emon dau; horren bidez, euskerea normalizetan eta zientzia gizarteratzen egindako lana autortzen da. Aurten, Ekaia EHUren Zientzia eta Teknologia aldizkariari emon deutsie, izan be, ia 30 urteko ibilbidean, euskerazko zientzia-aldizkarien kalidadea nazinoarteko hainbat aldizkariren mailakoa dala erakutsi dau Ekaia-k.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!