Moda abangoardistearen topaketea hartuko dau La Encartadak

Bizkaie! 2018-05-17 08:15   Kulturea

Hainbat jarduera egongo dira Balmasedako fabrika-museoan, maiatzaren 25ean eta 26an.

La Encartada Modaren aurkezpena, Bilbon (argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak maiatzaren 25 eta 26an egingo dan La Encartada Modearen Topaketak antolatu ditu. Hitzordu horretan, Euskal Herriko eta kanpoko diseinatzaile zein sortzaile nabarmenek euren lana ezagutzera emongo dabe modu esperimentalean. Ikuspegi garaikideari zein artisau lanari eta folklore tradizionalari lotutako hurreko ikuspegia buztartuko ditu topaketeak. Ekitaldia La Encartada Fabrika-Museoan izango da, Balmasedan.

Topaketea edade guztientzako gomendagarria dala azaldu dabe aurkezpenean, diseinuagaz lotutako hainbat ekintza dagozalako egitarauan, baita musikea eta euskal sukaldaritzea be. La Encartada Modan sartzea doban da, baina webgunean aurretik izena emon behar da desfile, tailer eta berbaldietara joan ahal izateko.

Desfileetan diseinuaren munduko profesionalak eta markak egongo dira, adibidez: Ángel Amor, Rafael Matias, Albec Bunsen, Krizia Robustella, La Casita de Wendy, Pelotari Project, Brain & Beast eta Art Comes First.

Berbaldietan honeek egongo dira: Slow Fashion Next, Angel Amor eta Diane Pernet (Asvoff fashion film festibala aurkeztuko dau azken horrek). Aurkezpenen protagonistak Ernesto Artillo eta Blessing my Soul izango dira.

Erakusketen artean, Identidadea eta Maskarea izenekoa aitatu behar da. Bertan parte hartuko dabenen artean dagoz Sinpatron, Angel Amor, Ernesto Artillo, Elssie Ansareo, Bubi Canal, Itxas Alde, Eduardo Hurtado, Alvaro Villarubia, Robert Bartholot eta Panduro Dj.

Topaketea Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak antolatzen dau, Alberto Etxebarrieta diseinatzailearen zuzendaritzapean. Sinpatron markearen sortzailea da bera, euskal modan 14 urte baino gehiagoko ibilbidea dauen proiektua.

La Encartada Modearen Topaketen helburua, modearen norabidea zalantzan jartea da, elementu dinamizatzaile eta maila indibidualeko elementu bereizle legez dauen zeregina aztertuta. Iraunkortasuna, slow-fashion eta antzeko kontzeptu barriak gero eta gehiago entzuten diran ezkero, horri arretea jarriko deutsie. Baita teknologia barrien, unisex modearen eta pieza bakarreko produkzinoaren eraginari be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu